GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

TOP 14

Biarritzek lehen sailkatuari egin beharko dio bisita

Zuri-gorriek sailkapeneko azken postuan jarraitzen dute, eta hortik irten nahi baldin badute, lehenbailehen garaipenak lortzen hasi beharko dute. Bestela gorriak ikusiko dituzte.

p038_f01_97x184.jpg

Jon LEUNDA

Erreakzioari ekiteko ez du aurkaririk onena izango gaur Biarritzek, mailako lehen sailkatua, Clermont, izango baitu aurrez aurre. Zuri-gorriek, gainera kanpoan jokatuko dute (14.15).

Inork gutxik pentsatuko zuen zortzi jardunaldi jokatu eta gero, talde lapurtarra sailkapeneko azkeneko postuan egongo zenik, baina hortxe daude. Egia da Munduko Txapelketak kalte handia egin diola, baina gainerako talde handiei ere bai, eta ez dute izan zuri-gorriek bezain hasiera txarrik izan.

Munduko Txapelketa amaitu da, eta jadanik han aritutako jokalari guztiak prest daude. Hala ere, Laguisquetek ez ditu sartu gaurko deialdian Munduko Txapelketan Frantziako selekzioarekin aritu diren jokalariak. Atseden eman nahi izan die, baina datorren larunbatean Anoetan Avironen aurka jokatuko duen derbirako prest egotea espero da. Gainerakoak, bai, beste herrialde batzuetako elastikoa defendatzen aritu diren jokalariak, Biarritzen daude, eta gaur jokatzeko moduan izango dira, eta taldeak eskertuko du, orain arteko partidetan ikusitakoaren arabera, beraien premia handia baitute.

Clermontek Liga hasiera bikaina egin du, eta sailkapeneko lehen postuan amaitzeko bidean aurrera doa. Horrek finalerdiak zuzenean jokatzeko txartela emango dio. Orain arte jokatu dituen zortzi partidetatik bakarra galdu eta beste guztiak irabazi egin ditu. 30 puntu ditu, Biarritzek baino hogei gehiago.

Kontrako bidea

Olympiquek kontrako bidea egin du. Ustez, hor goian egon behar zuen Clermontekin borrokan, eta gaurko partidak bi oilarren arteko lehia izan behar zuen, baina lehenengoa azkenekoaren aurkakoa izango da.

Lapurtarren zenbakiak beldurtzekoak dira. Zortzi jardunalditatik bakarra irabazi dute, bi berdindu, eta bost galdu. Sailkapenaren goialdean ibili behar duen talde batek ezin ditu inoiz horrelako zenbakiak izan, Munduko Txapelketa ez da aitzakia.

Hasieran zituen helburuak betetzea oso zaila izango du. Horretarako, hemendik aurrera partidarik gehienak irabazi beharko ditu, eta aurreko taldeek, berriz, huts egin. Lehenengo, ordea, azkeneko eta jaitsierako postuak bazterrean utzi behar ditu, eta gaur irabaztea garrantzitsua izango litzateke, baita buruarentzat ere. Galtzen badute, ez da ezer aldatuko, eta jardunaldi bat gehiago jokatu ondoren, sailkapeneko azkeneko postuan jarraituko du. Hori bai, zaleen kezkak gehitzen joango dira. Hamabostekoa hau izango da: Watremez, Terrain, Gomez, Thion, Carizza, Lauret, Guyot, Faure, Lesgourgues, Peyrelongue, Couttet, Burotu, Bidabe, Ngwenya eta Haylet Petty.

Avironek etxean ezin du hutsik egin

Avironen egoera ere ez da oso ona. Baionako taldea sailkapeneko azken-aurreko postuan dago, hau ere jaisteko postuan. Zuri-urdinek ere ez dute aurkari samurra izango gaur Jean Dauguer estadioan, Perpinya hartuko baitute (14.15). Kataluniarrak ere sailkapeneko goialdean ibiltzeko taldea egin dute, baina ez dabiltza ongi, nahiz eta bi euskal taldeak baino hobeto dabiltzan.

Perpinyak zortzi partidatatik lau irabazi ditu, eta beste horrenbeste galdu. Zortzigarren postuan dago, 17 punturekin. Aviron, ongi hasi zen, egungo txapelduna mendean hartuz, baina ordutik bidea asko okertu zaio. Hamahirugarren postuan dago, 11 punturekin. Bi partida irabazi ditu, bat berdindu eta bost galdu.

Hiriburukoek ere aurten itxaropen handiak zituzten, talde oso ona egin dutelako, lehen aldiz Ligako azkeneko fasea jokatzeko asmoarekin, baina gauzak ez zaizkie ongi atera, eta oraingoz mailari eustea nahikoa izango dute.

Neurketa zaila da, baina Aviron gai da Perpinya mendean hartzeko. Hori lortzen badu, jaitsierako postuak atzean uzteko aukera asko izango ditu, baina bestela gauzak estutzen hasiko zaizkio. J.L.

Donibane Lohizune eta Maule, kanpoan

Atsedenaren ostean, gaur itzuliko da Liga Federala, eta Lehen Mailan ari diren bi euskal taldeak kanpoan arituko dira. Maulek gaur jokatuko du, 18.30ean hasita Blagnacen zelaian, eta bihar, berriz, 15.00etan, Donibane Lohizunek ST. Medarden zelaian jokatu beharko du.

Bera Berak Hospitalet hartuko du Anoetan

Ohorezko B Mailan dabiltzan hiru euskal taldeetatik Bera Bera bakarrik arituko da bere zaleen aurrean. Donostiarrak bihar 12.00etatik aurrera Hospitaleten aurka neurtuko dira Anoetan. Ordu berean hasita, Hernanik Oviedon bertako taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Ordu erdi geroago hasita, Durangok Santanderrera egin beharko du bisita Independiente taldearen aurka nor baino nor aritzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo