CNAC batzorde ofizialak ontzat eman du Ikea Baionan ezartzeko asmoa
GARA | BAIONA
CNACek, Estatu frantsesean merkataritza salguneen instalazioaz arduratzen den batzordeak, ontzat eman du Ikea saltokia Baiona, Mugerre eta Hiriburuko lurretan dagoen Ametzondo gunean ezartzeko egitasmoa.
Aspalditik zuen Suediako enpresak Lapurdin instalatzeko nahia. Apirilean aurreproietu bat aurkeztu zuen Baionako Herriko Etxean, hiru herrietako auzapezekin batera.
Altzarien salguneaz areago, beste hainbat merkataritza instalazio ere jasotzen ditu proiektuak, esaterako, Carrefour hipermerkatu bat eta 80 denda txiki. Guztira, 250 milioi euro inguru inbertituko dira proiektuan.
Egitasmoak, halere, polemika sortu du. Ametzondoko gunearen defentsarako kolektiboa eratu zuten auzokideek, batez ere eragingo duen kutsadurak kezkatuta.