Etxepare Euskal Institutuak Kataluniarekiko harremanak sustatuko ditu
GARA | DONOSTIA
Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak erakundearen xedeak eta Katalunia eta Euskal Herriaren arteko harreman kulturalak sustatu eta estutzeko ekimenak azalduko ditu asteazkenean Bartzelonako Auditoriumean. Goenagarekin batera, Igor Otxoa «Hostoak» proiektuaren zuzendari eta txalapartaria eta Josep Maria Dutren Bartzelonako Auditoriumeko Musika Modernoen saileko zuzendaria egongo dira.
Gainera, Etxepare Institutuak «lehenengo zangoa» jarriko du Katalunian Arte Eszenikoen Katalunia-Euskadi Foroa antolatuz asteazkenean bertan eta «Hostoak» ikuskizuna aurkeztuz ostegunean.
Jarduera horiez gain, Lakuako Gobernuak eta Bartzelonako Euskal Etxeak hitzarmena sinatuko dute Bartzelonan euskara klaseak emateko. Euskara klaseetarako diru-kopurua 22.000 eurokoa da. Eskola orduak 2.104 izango dira, eta ikasle kopurua 164.