Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Madril ez ei da gure eremua
Erabakitzeko daukagun eskubidea ukazioaren kobazuloraino eramateko erabakitasunak eta horren alde borrokatzeko zilegitasunak irabaziko dute domekan
Bada Madrilera zertarako joan behar dugun galdetzen duenik. Egia da; Madrilen ez zaigu ezer galdu, Madril ez da gure eremua, Madrilen Espainia gestionatzen da eta gu ez gara espainolak... Egia da, eta horrelaxe izango litzateke Madrilera joatera bultzatzen gaituen arrazoia PNV edo UPN bultzatzen dituen arrazoi berbera balitz. Zeren eta «Euzkadi» eta Nafarroa forala hori baino ez baitira, Espainiako zatiak. Gure herriaren «garapena» beste herri baten mugek preso daukaten bitartean egingo dutela esateak dakarren kontraesana ezkutatuz.
Lan handia daukagu aurretik eta lan hori ez dugu Madrilen egingo. Euskal Herrian egin behar dugu. Lan handia euskal eragileek behingoz herri honen korapiloei eskua sar diezaieten, Euskal Herria behingoz nazio moduan aitortua izan dadin eta euskal herritarrok geure etorkizuna erabakitzeko daukagun eskubidea behingoz onar dezaten.
Eta Madrilen defendatu beharko dugu. Madrilek onartu beharko duelako herri honek erabakitzen duena errespetatuko duela.
Lan handia daukagu aurretik. Gure ingurura begiratzea besterik ez daukagu, geure herri eta auzoan, gure kuadrillan... batzuk lan barik; beste batzuk galtzeko arriskuan; zenbait, bankuek etxetik botatakoak; eta hainbat, hil amaierara heldu ezinean. Eta denok Europatik datozen albisteak irakurtzen, ildo beretik sakontzeko asmo osoa daukatela, Bruselan, Madrilen zein Parisen. «Programarekin» Madrilera doazen horiek ere argi utzi digute errezeta, neurri eta erreforma horiexek direla, hain zuzen, programaturik daukatena.
Gero eta agerikoagoa da euskal herritarrontzat aterabide onuragarri bakarra beste eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzea dela. Baina hori ere ez da Madriletik egingo. Bide hori Euskal Herrian egin behar dugu, euskal eragileen artean. Eta instituzioren batek bultzatuko badu, ez da izango Espainiako instituzio bat, euskal instituzioek bultzatu beharko dute. Eta Madrilen defendatu egin beharko dugu. Bide hori egitea ukatzen digun tokian bertan ere borrokatu beharko dugu.
PNV kexu da autodeterminazio eskubidea hainbat urtetan aldarrikatu omen duelako eta ez duelako ezer lortu... Ez dugu Madrilera ezer eskatzera joan behar, baizik eta borrokatzera, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula argi uztera, Euskal Herrian erabakitzen duguna errespetaraztera. Eta ukazioaren harresiaren kontra jotzen badugu, horrek ez die balioko. Esan bezala, ez goaz mesede eske. Euren balizko ukamenaren gainean, geure erabakitasun osoa bide hori bururaino egiteko. Determinazioa eta herriaren babesa.
Ez ditzagun hauteskunde hauek neurtu parlamentari kopuruetan, herritarren atxikimenduaren arabera baizik. Manifestazioetan bezalaxe, inportan- teena ez da zenbat lagunek hartzen duten pankarta, baizik eta zenbat lagun joaten garen pankarta horren atzean. Erabakitzeko daukagun eskubidea bertaraino, ukazioaren kobazulora- ino, eramateko erabakitasunak eta horren alde borrokatzeko zilegitasunak irabaziko dute domekan. Eta, momentura arte bezala, handituz jarraituko dute egunez egun. Ziur.