Laura MINTEGI Idazlea
PPren martimuiloa
Atzo Radio Bilbao SER irratsaioan egon nintzen hauteskundeen kanpainaren harira hizketaldi batean parte hartzen, Senaturako beste hiru hautagaiekin batera, Dimas Sañudo (PSE), Iñaki Anasagasti (EAJ) eta Juana Iturmendi (PP). Irratsaioaren amaieran kazetariak aukera eman zigun galdera bat egiteko beste hautagai bati. Hiru alderdiek PPri egin genion galdera, noski.
Nire galdera izan zen ea egia den urtetan entzun izan dugun leloa, alegia, edozein ideia defenda daitekeela demokrazian indarkeriarik ezean. Eta, horrela bada, nola jokatuko duen PPk Senatuak egin nahi duen erreformari dagokionez, bereziki 155. artikuluaren inguruan, non esaten den Senatuak behartu dezakeela autonomia-erkidego bat bere betebeharrak betetzera, «erkidegoaren jardunak kalte larriak eragiten badizkio Espainiaren interes orokorrei». Galdetu nion ea determinatzeko eskubidea aldarrikatzeak «kalte larriak» eragiten dizkion Espainiaren interesei eta nola jokatuko duen PPk.
Iturmendik erantzun zuen edozein gai ezin dela defendatu demokrazian. «¡Pues empezamos bien!», atera zitzaidan mikrofonotik. «Esaterako, ablazioa ez da defendagarria, edo giza eskubideen aurka doan eskaera». Eta esan zuen autodeterminazio eskubidea ez dela Senatuan defenda daitekeen kontua. Segidan itaundu nion ea autodeterminazio eskubidea (Nazio Batuen Erakundeak eta Espainiak berak onartua) giza eskubideen aurkakoa den. «Eso es coger el rábano por las hojas», erantzuna.
Enfin, lan galanta izango dugu Madrilen. Sumatzen genuen bezala, gezurretan ari ziren esaten zutenean edozein ideia defenda daitekeela «demokrazian».