GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Siriar disidenteek «armada» eratuta, Al Assadekiko ezinikusiak ez luke edozer zuritu beharko

Siriako Gobernuaren aurkako presioa gero eta handiagoa da, eta haren isolamendu diplomatikoaren eta zigor ekonomikoen ostean presio hori esku-hartze militar bihur litekeela uste izatea ez da aukera pentsaezina. Jakina, esku-hartze militarrak justifikazioa behar du, eta hala izan zuen orain aspaldi ez dela Libian ere, Gobernuaren errepresiotik «biztanleria zibila babestea», hain zuzen. Gerora argi geratu zen NATOren esku-hartzea zibilak babestea baino areago Gobernuaren aurka ari ziren indarren aldeko jarduna izan zela. Hala ere, dagoeneko ukaezina da Siriako Armadaren eta matxinatu armatuen arteko liskar armatuak daudela Sirian ere. Atzo Siriar Armada Librea delakoak behin-behineko batzorde militar bat eratu duela iragarri zuen, eta desertore gehiago engaiatzen dira oposizioko armadan. Al Assaden errepresioa zuritzea ez da bidea, jakina, baina haren Gobernuarekiko ezinikusiak ez luke edozein jokaera zuritu beharko. Oroz gainetik, egiak gailendu behar du, eta ez dirudi Siriako gatazkaren kasuan hala denik. Eta fidagarritasunari dagokionez, Siriako Gobernua eta haren oposizioarena ez da oso handia, baina nazioarteko komunitatearena are txikiagoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo