Bizkaitarrek ez dute nahi bonbardaketak ahazterik
Bizkaiko 37 herritako testigantzekin osatu du Egoitz Rodriguezek «Zerutik sua dator!» dokumental «ezohikoa». Herritarrek eurek grabatutako film laburrek eta suaren inguruko belaunaldi ezberdinetako herritarren solasaldiak ditu oinarri. Atzo estreinatu zen Zinebi jaialdian.
Ane ARRUTI | BILBO
«Inork ez zigun galdetu inoiz eta guk ez genuen erantzun. Isildu, isildu eta isildu egiten gara eta inork ez daki ezer, baina kalamitate handiak pasata gaude gu», kontatu zuen atzo Josefina Mota berangarrak. Orain 90 urte ditu baina ongi gogoan dauzka gerra garaian bizitako bonbardaketak, izua eta gosea, nahiz eta aukera hau suertatu arte ez duen txintik ere esan, ezta sufrimendu berbera bizi izan zuen eta atzo Bilbora hurbildu zen Teodosia Etxeandia gernikarrak ere.
Egoitz Rodriguez Olea galdakarraren ekimenez joan dira Bizkaiko 37 herritako testigantza hauek azaleratzen eta «Zerutik sua dator!» dokumentalean bildu dira. «Bonbardaketak Gernika baino zerbait gehiago zirela erakutsi nahi genuen -azaldu zuen Rodriguezek-, Bizkaia osoan izan ziren baina leku askotara ez da inor joan galdetzera».
Herritarren aurkako bonbardaketak izan ziren eta proiektuan herriari eman nahi izan diote hitza. Ohiko tekniketatik ihesi, «sormenezko dokumentala» osatu dute. Herrietan kamerak eta material ezberdinak banatu dituzte eta «gazteek euren interes zentrora hurbildu dute gaia». Horrela, pare bat minutuko film laburrak osatu dituzte antzerkia, musika, dantza, bertsoak edo jokoak erabiliz, bonbardaketak oinarri hartuta. Batzuk aipatzearren, Otxandioko herriak 1936an herritar zibilen kontra egindako lehen bonbardaketaren antzezpena egin du; Markina-Xemeinen, haurrak dira protagonista, pilotan jokatzeko zerura begiratzen baitzuten frontoi batera edo bestera joan erabakitzeko; Getxon, Itxartu elkarteak biktima izandako emakumeen sufrimendua irudikatu du; Mungiako Amilotx dantza-taldeak «Dena emon behar jako maite dan askatasunari» lana osatu du; eta, Zornotzan, Felipe Arrese Beitiak sortutako kanta bat kantatu du Zornoza abesbatzak Bizkargi mendiaren gailurrean.
Herritarren bideo horiez gain, hiru belaunalditako bizkaitarrez osatu dira suaren inguruan lau solasaldi. «Suak suntsiketa adierazi dezake, baina gero su hori oroimenaren sugarra bihurtzen da, biziraupena adierazten du», esan zuen Rodriguezek. Suaren inguruan beraz, batere gidoirik gabe, oroitzapen horiek azaleratuz joan dira eta gazteenak ere aiton-amonei euren zalantzak galdetzera ausartu dira. «Nerabe batek, esaterako, niri okurrituko ez litzaidakeen galdera bat egin zuen: Zer gertatu zen itsasontzietan erbestera eraman zituzten haurrekin?», aitortu zuen zuzendariak. «Belaunaldien arteko transmisioa bideratu nahi genuen, gerra bizi ez zutenek ere kontzientzia har zezaten».
Joseba Butron errealizadoreak azaldu moduan, «memoria gure aurreikuspenen aurretik zihoan beti: 25 herri genituen zerrendan eta 37 izan dira azkenean. Belaunaldi bat galtzeak kezkatzen gintuen eta 50 testigantza bildu ditugu. Zortzi eta hogei urte artean zituzten orduan, zaharrenak 102 urte ditu beraz».
Dokumentalean hiru milatik gora lagunek parte hartu dutela kalkulatzen dute, «baina ezinezkoa da herri osoek izan duten inplikazioa neurtzea», eskertu zuen Rodriguezek.
Josefina Motak, berriz, bere esperientziatik, mezu eta desio bakar bat azaldu zuen: «Gerra da azkenengo erremedioa. Mesedez, ez ezazuela beste gerrarik ikusi behar izan».
La artista e investigadora María Rudio ha reflexionado, con su trabajo «Electroclass» producido por Consonni, sobre la transformación de Bilbo desde los años ochenta. «El trabajo partía del análisis de los cambios urbanísticos pero también de los cambios de las condiciones de trabajo que habíamos sufrido desde los ochenta. Desde el paso del capitalismo industrial al capitalismo cognitivo». «Electroclass» se compone de siete capítulos que se proyectarán hoy en la sala BBK de Gran Vía a las 20.00. Ruido ha tomado como base el archivo de ETB. «Hemos hecho colisionar las imágenes de ETB con otros materiales cinematográficos. Trata de desmontar la lógica de la realidad televisiva y proponernos una lectura crítica de esa realidad construida por los media». Además plantea «repensar la televisión en este momento con la llegada de la TDT, con la irrupción de grupos mediáticos de derecha, incluso de ultraderecha, que amenazan con cancelar la televisión pública». A.A.