GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren hegaztiak

Musika zarataren doinua da. Atxagaren artikulu baten bukaeran («Aviones y pájaros»), hark rocka eta adur txarreko terroristak lotu ditu oinarri tamalgarriarekin. Gizakiaren bizitzaren antolaketa eta kudeaketa armak lepo erabili dituen Estatuetan oinarritutako sistema politikoa izan da, eta hori joko arau normalizatutzat jo ohi da. Zergatik, ordea? Estatuak eta haien betiereko armak betikoak ez diren susmoa dut. Estatuen biolentzia txuria bezain hiltzailea da. Zergatik sortu dira? Estatuen sorrera zein garapena ez da prozesu naturala nahiz eta jendeak hori normaltzat jo. Estatuek armen kudeatzaile bakarrak izan nahi dute eta ez dute oso gogoko inolako konpetentziarik, eta, balego, haren aitzakiarekin hobeto antolatuko da bere indar bortitza, zuritzen esanez gizakien askatasuna baino ez dutela gogoko. Rock ekitaldi batean entzuleek ETAren aldeko oihuak bota zituzten ordu batzuk lehenago lehergailu baten eztandak elektrikari bat txikitu zuenean, Atxagak dio rock and roll globalaren eta bera sustatzen duten sistemaren aurkako hainbat musikari heroi histrionikok zerikusia izango zutela adur txarreko hegaztiekin, miliekin, alegia. Honekin zer salatu nahi du Atxagak, musikari histrioniko horiek ETA babestu eta haren kide zirela? Non zeuden orduan Espainiako Estatuko auzitegi nazionaleko epaileak, ez ziren-eta horretaz konturatu ere egin? Salaketa larria da musikari horien espetxeratzea ekar lezakeelako. Eskerrak epaileek ez zutela Atxagaren tesia ulertu, bestela denek barruan denboraldia pasatu behar izango zutelako. Atxagaren hipotesia benetan da larritzekoa, borrero bilakatzen delako artikulu horretan botatakoarekin. Edo agian ez dut ulertu ongi, edo ez dut ongi irakurri zarata edo doinu rockeroak direla medio? Agian ez.