Campionen nobela irakurtzean sentitutako emozioa helarazi nahi dute «Gartxot» filmarekin
«Gartxot, Itzaltzuko bardoa» narrazioa irakurri orduko jabetu zen Benito Lertxundi «oso zinematografikoa dela». Somugak ametsa egia bihurtu eta drama handiaren sentimenduak transmititu ditu karikaturekin.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Zaraitzuko artzainen larruak soinean agertu ziren Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta «Gartxot, konkista aitzineko konkista» bihar estreinatuko den filmaren zuzendariak prentsaurrekora. Eta, kazetariak oraindik animaziozko pelikulak utzitako emozioak harrapatuta zeudela, azalpenak ematen hasi ziren musika jarri duen Benito Lertxundirekin eta Edorta Barruetabeña gidoilariarekin.
Orioko kantariak 80ko hamarkadan bere sorkuntzarako inspirazio iturri izan zuen XII. mendeko bardo baten bizia kontatzen duen Arturo Campionen narrazioa. Atzo aitortu zuenez, istorioa irakurri orduko ikusi zuen hagitz zinematografikoa dela. Denbora bat igaro ondotik, orain dela bost urte, joan zitzaizkion etxera Somugakoak egitera zihoazen filmerako laguntza eske. «Asiskok marrazkiekin egin nahi zutela esan zidanean, ez ote zen karikatura bat aterako iruditzen zitzaidan. Baina gaur lehenbiziko aldiz ikusi dut pantaila handian -aurretik ere gehiagotan ikusi dut txikian- eta oso formatu egokia ikusten dut. Aurretik itsusiak diruditen marrazkiak oso politak ikusi ditut gero, marrazkien atzean dauden arima batzuk oso maitagarriak eta gustagarriak egin zaizkit», kontatu zuen.
Gartxoten pertsonaiari ahotsa jartzeko eskatu ziotenean, Lertxundik hagitz seguru eman zien ezezkoa, «ondo arrazoituta gainera», Somugakoen iritziz. Eta Mixel Etxekopart kantaria proposatu zien protagonistari arima jartzeko. Ondotik etorri ziren Luxi Agergarai eta Maika Etxekopart, Mikeloti eta Xuneri bizia eman diotenak, baita Zuberoako bertze lagun ugari ere.
«Lur usainekoa», benetakoa
Somugakoek nabarmendu zutenez, ahotsa jarri duen pertsona bakoitza «errebelazio bat, crack bat» izan zen. «Herri batzuek badute antzezpenerako naturaltasun bat, eta Zuberoan badaukate. Lehenengo bost minutuetako hoztasun hori pasata pertsonaia sinesgarri egiten zuten». Ahots hauekin asmatu egin dutela iruditzen zaie zinemagileei, baita Itzaltzu aldean egiten zen euskalkiak zubererarekin zuen antzagatik ere. Pertsonaien hizkera anitz landu dute, benetakotasuna, «lur usaina» izan dezan, baina aldi berean ulerterraza izan dadin publikoarentzat. Gaur egun, Nafarroako ipar-ekialdeko herri honetan 46 lagun bizi dira eta horietatik batek soilik daki hango euskara. Zaraitzu ibar osoan ere gauza bera gertatzen dela kontatu zuten Andoaingo ekoiztetxekoek: «Euskarazko bizimodua galdu egin zen, baina gazteek ikasteko ardura hartu zuten eta orain euskaldun berriak dira».
Sinesgarritasuna izan da zaindu duten bertze alderdi bat eta horrekin lotuta dago, hain zuzen, animazioaren aldeko hautua. Animazioarekin zerbait ona eta sinesgarria egin zezaketela pentsatu zuten eta sorrarazitako emozioak kontuan hartuta, lortu egin dutela erran daiteke.
XII. mendearen hasieran kokatzen da filma, lehendabiziko gurutzadaren ondoren, Nafarroa boterea galtzen ari zela eta Erroma indartzen. Testuinguru erreala da, bertsio ezberdinak dituen Arturo Campionek bildutako Gartxoten kondaira ere bai, eta filmeko hogei lagun inguruko lan taldeak sorkuntza gehitu dio sustrai historiko egiazko horri. «Euskaldunoi lokartuta dugun sena pizten laguntzeko» asmoz egin dute filma. M. I.