GARA > Idatzia > Kultura

Rosa Arburuaren «Gau lana» liburuak Bidasoko kontrabandoa aztertzen du

p047_f03_088x088.jpg

GARA | DONOSTIA

Rosa Arburuak kontrabandoaren mundua gertutik du ezaguna, familian eta inguruan kontrabandista izandako hainbat pertsona ezagutu baititu. Gainera, «1940-1960. Bortzirietako gaztiak» (2005, Alberdania) liburua idatzi zuenean ere, atal batean gai bera landu zuen. «Gehien erakartzen ninduen gaia zen. Gainera, Oso gutxi ikertu den gaia da», zioen atzo egindako aurkezpen ekitaldian. Izan ere, orain «Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean» (Alberdania) saiakera argitaratu du, non inguru horietan historian zehar egin den kontrabandoa ikertzen duen.

Liburuaren lehen zatia ikerketa historiko bat da, XVI. mendetik hasi eta XX.era iritsi arte. «Artxibo askotan aritu naiz eta niretzako aurkikuntza bat izan da zenbat gaulan egiten zen ikustea», esan zuen Arburuak. «Bigarren lanbide nagusia izan da Euskal Herrian», gehitu zuen.

Bigarren atalean, XX. mendeko egoera aztertzen du. Izan ere, 1936ko gerraren ostean, Euskal Herrian ez zegoen industriarik, eta kontrabandoaren bidez, fabrikek behar zituzten pieza asko ekarri ziren.

Liburuan hainbat testigantza biltzen dira, garai haietan bizitako sufrimendua, egindako lan handia, heriotzak... Baina umoreak ere badu bere tokia. «Ez da sufrimendua, lana eta arriskua bakarrik agertzen. Umorea ere transmititu nahi nuen anekdota xelebreekin», azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo