GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garcia Gaztelu, Besance, Otegi eta Zelarain kondenatu dituzte, Mugicaren heriotzagatik

GARA | MADRIL

Hirurogei urteko kartzela zigorra ezarri zion atzo Auzitegi Nazional espainolak Xabier Garcia Gazteluri 2001ean Leitzako UPNko zinegotzi Jose Javier Mugica «hiltzeko agindua emateagatik», atzo plazaratu zuen epaiaren arabera.

Garcia Gazteluri, «erakunde terroristako buruzagi izatea, erailketa, lehergailuak edukitzea eta triskantza terroristak egitea» leporatu zioten eta Mugicaren alargunarentzat 500.000 euroko kalteordaina ere ezarri diote.

Juan Carlos Besanceri, berriz, 58 urteko espetxe zigorra ezarri diote eta Andoni Otegi eta Oskar Zelaraini, berriz, 50 urteko zigorra.

Epaiaren arabera, Garcia Gaztelu ETAren «aparatu militarreko burua» zen eta 2001eko otsailean Mugica hiltzea agindu zien Argala komandoa osatzen zuten Otegi, Zelarain eta Besanceri. Auzitegi Nazionalaren epaiak gaineratzen duenez, ekintza 2001eko uztailean burutu zuten.

Epaiketa errepikatu behar izan zuten Madrilen, Angela Murillo epaileak auzipetuei «kabroi» deitu ziela-eta. Horren ondorioz, Murillok epaiketa utzi behar izan zuen eta errepikatu egin behar izan zuten.

UPNk epaia txalotu du

Epaiaren berri izan eta berehala, Nafarroako Gobernuak bere poza azaldu zuen atentatuaren egileak «gizarte demokratikoarekin zituzten kontuak ordainduko dituztelako», Juan Luis Sanchez de Muniain eledunak adierazi zuenez.

«Hiltzaileek justizia ordaindu behar dute, egindakoa ordaindu behar dute; kasu honetan, lur honen demokrazia eta askatasunaren alde konprometituta zeuden pertsona errugabeak hiltzea», gaineratu zuen Sanchez de Munianek.

UPNko Komunikazio idazkari Sergio Sayas ere pozik agertu zen. «Epaiak justizia egiten du, baina ez du eragindako kaltea konpontzen, konponezina delako», esan zuen. Ezarritako zigorra osorik betetze dezatela eskatu zuen Sayasek, «hauxe baita biktimekin justizia egiteko eta ETA behin betiko garaitzeko bidea».

Nafarroako PPko idazkari nagusi Eloy Villanueva ere bat egin zuen epaileen erabakiarekin; «hiltzaile honen [Garcia Gaztelu] gainean Justizia ezartzea berri ona da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo