GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Finala

«Miribilla efektua» pilotara ere iritsi da dagoeneko

Iñaxio Errandonearen iritziz, «salbazioa baino Bilboko pilotalekua aurrerapauso handia izan da pilotarentzat».

p042_f01_199x116.jpg

Jon ORMAZABAL

Baloi handi eta laranja baten inguruan jaio zen iaz «Miribilla efektua» deiturikoa, Bilbao Basketek Valentzia eta Real Madril kanporatu eta historian lehen aldiz ACBko finalera sailkatzea lortu zuenean. Katsikaris, Banic eta enparauek euren garaipenik sonatuenak lortu zituzten pabiloitik oso hurbil eraikitako Bizkaia pilotalekuan ere hasiak dira antzeko fenomeno batez hitz egiten, esku pilota enpresek sekulako pagotxa aurkitu baitute Bilboko pilotaleku berrian.

«Bilboren inpaktua sekulakoa izan da. Salbazioa baino gehiago, nire ustez, pilotarentzat aurrerapauso handia izan da. Bilbon eta inguruan biztanle asko dago; txapelketa eta partida handietan ez zuen protagonismo handirik eta orain finalak eta partida handiak bertan jokatzea pilotarentzat oso ona da. Beste probintzietan ere horrelako bat balego, askoz hobeto», azaldu zion atzo GARAri Aspeko arduradun komertzial Iñaxio Errandoneak.

Gainera, kopuruaz harago, era guztietako jendea, baita orain arte pilotalekuetara hurbiltzen ez zirenak ere, gerturatzen direla antzeman dute pilota enpresetako arduradunek. «Bizkai aldetik jende asko gerturatzen ari da. 50 urte aritu dira pilotaleku eske eta lortu dutenean sekulako ilusioa piztu du frontoia han izateak. Egia da ere puntualki joaten garela, partida handiekin, baina jendeak bikain erantzun du orain arte eta, gauzak dauden bezala, oso eskertzekoa da», gaineratu zuen Berako pilotari ohiak.

Zabalkunde horretan, gainera, Miribilla auzoko instalakuntza berriak herri txikietako beste pilotaleku askok ematen ez dizkieten aukerak eskaintzen dizkie enpresariei. Esaterako, Aimar Olaizolak eta Barriolak iragan astean jokatutako partidarako sarrerarik merkeenak 10 eurotan zeuden eta horrek jendea hurbiltzea asko errazten du.

Finalean, goraino beteta

Martinez de Irujok eta Olaizola II.ak jokatuko duten finalerako sarreren prezioak garestiagoak dira; esaterako, lehen aipatutako 10 euroko horiek 30 balioko dute finalean, baina hori ez da oztopoa izan egun pare batean, enpresek eskura zituzten guztiak saldu ahal izateko. Atzo, azken orduan, kantxarako 120 euroko batzuk baino ez ziren geratzen saltzeke.

Txapelketan zehar ere, Bilbo erreferentzia izan da jendea frontoira gerturatzerako orduan. Aurten Lau eta Erdiko Txapelketa oso erakargarria antolatu arren, lehen kanporaketetan kosta egin zitzaion jendeari pilotalekura hurbiltzea; «urria normalean hilabete txarra izaten da beti» , baina, hala ere, Berasaluze VI.a eta Olaizola II.aren arteko lehian 1.000 lagun inguru bildu ziren, gainerakoetan 500dik igotzeko lanak izan ziren bitartean.

Finalerdietako ligaxkan, ordea, ikusminak nabarmen egin zuen gora, eta birritan egon da Bilboko pilotalekua 3.000 lagun biltzearen buelta horretan. Hortaz, inor ez du harritu finalerako ere Bilbo hautatu izanak. Gauzak horrela, estreinatu zenetik 2011ko hiru final nagusiak bertan jokatu dira. Seigarren aldia izango da historian halakorik gertatzen dena, aurretik Gasteizen eta Donostian ere gertatu baita halakorik.

Hain justu, bi hiri horiek izan dira Bilboren sartzea gehien pairatu dutenak, azkenaldian zirkuitu profesionaletik at geratu baitira. Gasteiz saiatu da, duela gutxi arte ohitura zen bezala, kaiolako finala Ogetara eramaten, baina ez du lortu. Laster hasiko den Binakakoan Iñaxio Errandoneak ez dizkio ateak ixten ez Arabako hiriburuari ez Donostiari, nahiz eta azken honek «aurpegia garbitzea behar duen». Atano III.ak badu bere xarma eta historia, baita Astelenak ere. «Jenderik ez dela joaten esaten dute, baina ikusi da, partida onak jarrita, Katedralak ere ondo erantzuten duela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo