GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gas-ihes toxikoak alarma piztu zuen atzo Donostiako talasoterapia zentro batean

Ustekabe handia sortu zuen atzo goizean Donostiako La Perla talasoterapian izandako gas-ihes toxikoak. Hamalau lagun ospitaleratu zituzten, eta hiruk izan ezik, egunak aurrera egin ahala, alta jaso zuten.

p018_f03.jpg

GARA | DONOSTIA

Goizeko zortzi eta erdiak jota piztu ziren alarmak Donostiako La Perla talasoterapia zentro pribatuan. Eraikinaren barnealdean gas-ihes toxiko bat gertatu zen, dirudienez lixiba eta kloroa nahastearen ondorioz, eta hori dela-eta, zentroa erabat hustu behar izan zuten. Eginbehar horietan aritu ziren bertaratutako suhiltzaile, udaltzain eta ertzainak.

Talasoterapia zentrotik, langile eta bezeroen artean, hogei lagunetik gora atera zituzten. Eta inguruko lokaletatik beste hogeita hamar bat lagun, Donostiako Udalak prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuenez.

Gertatu bezain laster istripuaren berri eman zieten Donostiako ingurumeneko osasun arduradunei, eta segituan bertaratu ziren horiek ere gertatukoaren nondik norakoak argitu, jatorria zehaztu eta zer neurri hartu erabakitzeko. Goizean zehar Nekane Burutaran eta Jon Albizu zinegotziak ere bertaratu ziren lanak nola zihoazen jakitera eta kaltetuei laguntza eskaintzera.

Lakuako Osasun eta Kontsumo Sailak plazaratutako oharrean dioenez, larrialdi zerbitzuek 27 pertsona artatu zituzten, eta osasun zentroetara bideratu zituzten horietatik hamalau: hamaika Donostia Ospitalera eta hiru Ondarretako osasun zentrora.

Kaltetuek, oro har, arnasbideetako eta begietako narritadura sintomak zituzten. Gaitz handiagorik ez zen izan, eta goizean bertan alta jaso zuten gehienek. Hiruk, halere, ospitalean jarraitzen zuten egunaren amaieran, eta Osakidetzak berretsi zuenez, gaua behaketan igaro behar zutela erabaki zuten medikuek.

Ezbeharraren sorburuari dagokionez, La Perlako gerente Francis Tamayok iradoki zuenez, «hornitzaileak izandako giza akats batek» eragin zuen gas-ihes toxikoa. Tamayok azaldu zuen kloroaren eta azido sulfurikoaren nahasteak «kloro gasen lainoa» sortu zuela, «mukosentzat erabat narritagarria» den gai bat zabalduz. «Sustoa izan da, baina jainkoari eskerrak inor ez dago gaizki», zioen La Perlako bozeramaile jardun zuenak. Era berean, «zirku bat sortu» ez izana eskertu zuen; finean izandakoa baino «askoz ere zalapartatsuagoa» izan zelako.

Hala ere, Kontxako pasealekua oinezkoentzat eta bizikletentzat itxi egin zuten eguerdiko ordu batak arte, pozoitzeko arriskua saihesteko. Hortik aurrera, normaltasuna itzuli zen hirira.

Soinean zutenarekin

Talasoterapia zentroa hustu zutenean, batek baino gehiagok soinean zuenarekin atera behar izan zuen kalera korrika eta presaka. Lekukoek azaldu zutenez, mantal, bainu-bata edota kirola egiteko arropekin atera ziren kalera, «hotza» pasatuz gainera; izan ere, ordu horretan kanpoko tenperatura, gutxi gorabehera hamabi gradukoa zen.

Horietako batzuk «zorabiatuta» sentitu zirela ere azaldu zuten, «alde guztietatik kloroa usaintzen» ari zirelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo