GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Banderen oihala

Bederatzi urte joan dira inbasioaren lehenengo erasoetatik. Bederatzi urteko hondamendia han-hemenka, han batez ere. Lurralde idor hartako hareak gorri kolorez blaituta utzi dituzte, lur-barneko urreak bere beltza mantendu dezan. Eta orain joan badoaz, handik, etxerako bueltan. Ondo egindako lana amaituta, profesionalki. Tira, beste batzuk joango dira hara, handik atera direnak ordezkatzera. Marineak orain hartuko dituen herrialde beretik joango dira beste horiek. Batzuek eraispena utzi dute han nagusi, hori baitzuten helburu, made in usa markapean. Hau kolpea! Joango diren beste horiek eraitsian eraikitzea dute helburu, marka berapean. Negozio borobila, lehen eraitsi, gero eraiki. Gainera, eraisleak eta eraikitzaileak enpresa berekoak dira, uniformeak eta trajeak armairu beretik ateratzen dituztela, trajea barrukoz kanpora eginda uniforme bihurtuta. Bada hori, bederatzi urte odolik odol pasatuta, joan badoaz. Euren bandera, euren herrialdetik kanpo madarikatua normalean, jaitsi egin berri dute eurek orduko hartan propio eraikitako mastatik. Imajinatzen nago bandera zelan tolestu duten marineek, filmetan bezala, bazterretik erdirantz, toles bat bestearen atzean, ospakizun ekitaldian, azkenean hilkutxa moduko batean sartu eta, hara!, etxerako bueltan, ohore handiz edo. Baina, portzierto, azkenean aurkitu ote zituzten suntsipen masiboko zorioneko arma haiek?

Bederatzi ez, ehun baino. Ehun urte bete dira Europako iparraldeko herrialde horietako baten esploratzaile talde batek bere bandera igo zuela, non eta hegoaren buruan igo ere. Interes handiz gogoratu dut egunotan abenturazale haien balentria. Gehien bururatu zaidana ez da izan hango hotz hotza, hori gaztaina erre artean konponduko baitzuten, txipli txapla pun, ezta euren oihal-etxolak ere, ez horixe; talde propioa izan zutela! Haxe inbidia goxoa. Nago ni kontinente batean gauzak arautzen hasten direnean, akabo hotza, akabo erakargarria, akabo helburu berriak bilatzea, akabo abentura, akabo taldea eta gaztainak berak ere. Hortik aurrera bandera bai, nola ez ba! Baina arau egileen bandera, eta beti irmo igota, badaezpada ere, iparraldeko haizeak bota ez diezaien. Tira, nork bere bandera, eta denok tamaina berekoa dugunean, orduan bandera guztiak jaitsi eta oihala birziklatu. Horren zeharkaldian nago ni, kontinentez kontinente, edukiz eduki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo