Aitor Renteria 2011/12/14
Arrosaren (bide) orriak
kazeta.info
(...) No man land's eternala da Ipar Euskal Herria. Sorginak bezala, ez da existitzen baina hor dago, itzaletik gauza absurdoak eraginez.
Zeinen nortasunaren arabera egiten da ba naturala ez den Euro-eskualde hori? Ipar Euskal Herriaren aitortza politiko ezak behartzen du Frantzia zirkoko bihurrikatzailearenak egitera. Izan ere, erakunde ofizialek izenpetzen dituzte nazioarteko akordioak eta Frantziaren administrazioaren arabera, Akitaniaren eskumena da hori.
Ipar Euskal Herriaren nortasuna garatu eta haren interesen alde egindako urrats garrantzitsua dela azpimarratu dute sozialistek. Hendaiak ez du kulturalki edo historikoki administrazio izaerarik, baina «nazioarteko» interesek Euro-eskualde horren bihotz administratiboa bihurtu dute, nehork gutxik sinetsi arren.
Ulergarriagoa litzateke Baionan kokatzea egoitza, baina horrek kutsu «historiko» jasanezina eman ziezaiokeen. Zangomotz sortzen da akordioa, Euskal Herri osoaren interesetan egindako urratsa balitz Nafarroa falta delako. Zangomotz, Nafarroari atea ez ixteko «bertze eskualde batzuk» sar daitezkeela diolako akordioak, Biarnoa, Landak, Aragoia edo nor debru izan daitekeen zehaztu gabe. Zangomotz euskaltasunaren inguruan sortzen delako, euskaltasuna ekidinez. Zangomotz bertako biztanleek ez dutelako horrelakorik erabaki. (...)
Sozialistek gerri politiko ona dute eta horrela frogatu zuten joan den larunbatean Baionan egindako manifestazio jendetsuan. Lau mila lagunetik gora bildu ziren konponbide politikoa eskatzeko eta horien artean nabarmena izan zen buruzagi sozialisten presentzia. (...)
Paradoxen herria da Euskal Herria. Legegileek euroagindua onartzen dute eta ondoren, haren ondorioek eragiten dizkiete kezkak. Lehen Borotrari, orain Espagnac-i. Hauteskunde garaian egindako urratsak izan daitezke eta 80ko hamarkadan Mitterrandi bezala ahantz dakizkioke Hollande-ri hartutako engaiamenduak. Baina arrazoiak arrazoi, urratsak dira. Hostoz hosto, konponbidearen (bide) orria zabaltzeko garaia da.