Mikel Zurbano
Izotzaldia
argia
Euroa eta euroguneko herrialde periferikoak laguntzeko duela urte eta erdi NMFk eta Europako Batasunak (EB) abian jarritako doikuntza politikek porrot egin dute. Austeritate politikak aktibatu dituzten herrialdetan ez da iragarritako defizitaren eta zor publikoaren kontrola gauzatu. Aldiz, politika horien neurri fiskal murriztaileek ekonomia atzeraldia berpiztu egin dute herri horietan ez ezik Europa osoan. Europako merkatuan bere esportazioen hiru laurdenak saltzen dituen Alemania ere ukitu egin du atzeraldiak. Doikuntza politiken porrotak eta Europako Batasuneko ahultasun politikoak euroa bera eta Europako finantzak kinka larrian utzi dituzte.
EB eta eurogunearen esparru eta garapen eta lankidetza instituzionalaren aldaketa sakona ezinbestekoa da etorkizunean egonkortasuna irabaz dezan. (...) epe laburrean euroa bera dago jokoan eta bertako finantza egonkortasuna. (...) Europako Finantza Egonkortasunerako Fondoaren kopurua gehitzeko zailtasunak tarteko, EBZ da gaur egun suhiltzailearen funtzioa bete dezakeen bakarra. Eragile gehienek aipatzen dute epe laburreko soluzio erraz eta eraginkorrena EBZk bonoak jaulkitzea dela alegia. Baina aukera hori Alemaniak ez du onartzen eta badirudi zeharkako bide bat erabiliko dela: EBZk NMFri maileguz ematea gero azken honek fondo horiek Europako herrialdeetara bidera ditzan. Jakina da NMFren kudeaketa indartu honek lehengo lepotik burua ekarriko lukeena batez ere Alemaniak eurogunean ezarri nahi dituen mekanismo fiskal zorrotzagoak -defizit zero eta hori betetzen ez duenarentzat zigor automatikoa- abian jarriko badira.
Nolanahi ere, Alemania bera ere ataka larrian dago, hautu gogorrena eginez gero bere bankuek utzitako maileguak berreskuratzea zaila suertatuko baitzaie. Areago, bere menpekoa den Europako merkatuak hondoa jo lezake eta horrekin Alemaniako esportazioek ere. Honenbestez, Europako ekonomia hoztua izozteko arriskua bistakoa da.