GARA > Idatzia > Mundua

Txabolismoak tragedia eragin du Filipinetan «Washi» ekaitza pasatzean

Laurehundik gora hildako eta ehunka desagertu eragin ditu «Washi» izeneko ekaitzak Filipinetan. Nazioarteko adituek adierazi dute txabolismoa eta baso-soiltzea daudela tragediaren atzean.

p031_f02_148x104.jpg

GARA | MANILA

Laurehundik gora hildako eta ehunka desagertu eragin ditu «Washi» izeneko ekaitzak -«Sendong» esaten diote Filipinetan bertan-, Gurutze Gorriak atzo eskainitako datuen arabera.

Kalterik larrienak Cagayan de Oro hirian eragin zituen, bertan dagoeneko 215 gorpu zenbatu baitituzte. Iligan hirian, berriz, 144 hildako zenbatu dituzte filipinar agintariek.

Irailean eta urrian ere filipinar asko hil zituzten «Nesat» eta «Nelgae» izeneko tifoiek, ehunen bat herritar gaur egun ditugun datuen arabera.

Nazioarteko agentzietako adituek jakinarazi dute txabolismoa dagoela tragedia horien atzean, hondamendi naturalek ez bailukete horrenbeste hildako eragingo eraikinak behar bezala eraikita egonez gero. Ekaitzek Filipinetako azpiegiturak oso egoera txarrean daudela ere agerian utzi dute. Bestalde, Filipinetan gero eta larriagoa den baso-soiltzeak ere uholdeak eta lur-jausiak larriagotzen ditu, batez ere urtaro euritsuan, martxotik azarora normalean.

Bryan Cabillo filipinarrak emaztea eta hiru seme-alaba galdu ditu ekaitzaren eraginez. Cagayan de Oro hiriko auzo batean bizi ziren, etxea oso-osorik urak eraman zuen arte. Bere burua salbatu zuen, baina ez etxekoena, gero kazetariei jakinarazi zienez, erabat lur jota. Bere etxeari gertatu bezala, beste asko suntsitu zituzten tifoiak eta horrek eragindako uholdeek.

Ondoen eraikitako etxeak zutik geratu ziren, baina urez beteta. Autoak, motoak eta zaborra ere eraman egin zituen urak.

Agintariek uste dute hildako, desagertutako eta zaurituen kopuruek gora egingo dutela hemendik aurrera, batez ere Mindanao uharteko iparraldean. Eremu horretan erreskate taldeak dira informazio iturri bakarra eta horien datuen zain dago populazio osoa.

Hildako gehienak uholdeen biktima izan dira, baina Compostela Valleyn hil diren bost meatzariak lur-jausi batek eraman zituen. Izan ere, legez kontrako meatze ugari dago Compostela Valleyn.

Kalte larrienak Cagayan de Oro eta Iliganen jasan dituzte, hiri horietan itsasgorak uholdeak larriagotu egin zituen-eta, agintariek jakinarazi dutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo