Cesarea Evora Cabo Verdeko kantari handia betirako isildu da
90eko hamarkadan, Cabo Verdeko malenkonia morna bidez ezagutzera emateagatik mundu osoan ezagun egin zen Cesarea Evora atzo hil zen uharte afrikarreko ospitale batean, Parisetik jaioterrira itzuli nahi izan baitzuen gaixotzean. 1941ean jaioa, 70 urte zituen kantariak.GARA | MINDELO
1988an kaleratu zuen «La Diva aux pieds nus» lehen lana, baina 1992an «Miss Perfumado» bikainarekin lortu zuen sona mundu mailan. Geroztik hara eta hona ibili da Cesarea Evora, gelditu barik, kantatu eta kantatu, bere ahots sendoa eta Cabo Verdeko saudade-a lagun, arik eta atzo betirako mututu zen arte.
1941. urteko abuztuaren 27an Mindelo hirian jaioa, Cabo Verdeko kantariak oinutsik kantatzen zuen beti agertokian, jende behartsuari begirunea agertzearren -bere hitzetan ere sarri agertu izan zuen txiroenganako kezka-, eta horregatik «Ortozik dabilen diva» goitizena irabazi zuen nazioartean. 2009an argitaratu zuen azken lana, «Nha Sentimento» izeneko diskoa. Lusafrica diskoetxearen esanetan, Evorari Cabo Verdeko malenkonia ahotsaren bidez azaleratzeko zuen gaitasunak eman zion ospea. Munduak berarekin ezagutu zuen morna erritmoa, blues caboverdetarra deitua.
Osasunez makal
Iazko irailean, martxan zuen bira bertan behera uzteko agindu zioten Pariseko medikuek, eta agindua bete zuen berak, Jose da Silva managerrarekin batera horrela erabakita. Izan ere, azken urteotan ebakuntza pare bat jasan zituen Evorak, azkena hil ala bizikoa, eta osasun egoera makalean zen.
Bira bertan behera uztearekin batera ibilbide artistikoari agur esan eta atseden hartzea erabaki zuen orduan 70 urteko kantari afrikarrak. Atzean uzten zituen kantari emandako kasik bost hamarkadak (munduko areto entzutetsuenetan abestu izan du), baita argitaratutako hamalau lanak ere.
Azkenaldian gero eta makalago eta indarge zela ikusita, Parisetik berriro ere Cabo Verdera itzultzea erabaki zuen Cesarea Evorak duela hiru hilabete inguru, bere bizitzako azken uneak jaioterrian emateko asmoz. Bertan, San Vicenteko ospitale batean, hil zen atzo. Modu horretan, Cabo Verdek eta Afrika osoak azken hamarkadetan emandako ahotsik ezagun eta esanguratsuenetarikoa isildu da betirako. Bere herrialdeko gobernuak atzo bertan aitortu zuenez, «Cesarea Evora izan da Cabo Verde hitzaren itzulpen unibertsalena», bata eta bestea lotuta geratu baitira betirako.