GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urtarrilaren 7a helburu, ugaritu egin dira presoen aldeko ekimenak

Euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta urtarrilaren 7an Bilboko «kaleak betetzea» helburu hartuta hamaika ekimen egin ziren atzo Euskal Herrian barna. Donostiako Ibaetako campusean, gizarte eragileek bat egin zuten Egin Dezagun Bideak ekimenak antolatutako baraualdiarekin. Gaur eguerdian emango diote amaiera ekimen honi Bulebarrean egingo den ekitaldi batekin. Bestalde, Donibane Garazin azken atxiloketak salatzeko manifestazioa egin zuten atzo.

p016_f03_199x092.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal preso politikoen eskubideen alde urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioari begirako ekimenak biderkatu egin dira egunotan. Atzo, astelehenean abiatutako baraualdiarekin bat egin zuten Donostiako Ibaetako campusean herri mugimenduek. Gaurko 12.30ean Bulebarrean antolatuta dagoen ekitaldiarekin emango zaio amaiera txandakako baraualdiari.

Herriz herri ari da zabaltzen urtarrilaren 7rako deiadarra. Testuinguru horretan ere, Ibai Iriarte Tolosako alkateak, Aiora Zulaika Pirritx pailazoak, Tolosako Adiskideok Kirol Elkarteak (TAKE), Javi Arana medikuak eta Josebe Iturrioz Udaleko Berdintasun teknikariak, besteren artean, agerraldia egin zuten atzo udaletxeko pleno aretoan. Lau puntuko testua aurkeztu zuten. Horietan, presoen Euskal Herriratzea eta zigorra bete duten presoen zein hiru laurdenak bete dituztenena kaleratzea eskatu zuten. Era berean, zigor luzapenak indargabetzea, bakartze egoerak bertan behera uztea eta gaixorik dauden presoak berehala askatzea exijitu zuten.

«Indarrak batzea ezinbestekoa» delako, hilaren 24ean, 18.45ean, Triangulo plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten Tolosan bildutakoek. Guztira 300 bat lagunek eman zioten babesa adierazpenari, horien artean, Jexus Martinez sendagile nutrizionista, Jonan Fernandez Baketikeko zuzendaria, Joxe Mari Iturralde idazlea, Kike Amonarriz soziolinguista, Aitor Elduaien kazetaria eta May Gorostiaga antzerkigilea.

Oiartzunen, berriz, «espetxeak hustearen aldeko olatua» eratzeko deialdia egin zuten. «Herritarrok mobilizatzeko gaitasuna badugula agerian geratu da. Atxikimendua eta konpromisoa dira bidea. Guztiok elkarrekin kaleak bete eta kartzelak husteko unea iritsi da. Euskal Herrian sortuko den mugimendu berriak preso eta iheslarien aldeko olatu sendoa osatuko du; azken preso eta iheslariak etxean izan arte lan egitera goaz», nabarmendu zuten bildutakoek.

Gaixorik daudenen alde

Ostiralean, 400 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten Amurrion gaixotasun larria pairatzen duen Jose Angel Biguri presoaren askatasuna eskatzeko. 22 urte baino gehiago daramatza dagoeneko preso. Uneotan Martutenen espetxeraturik dagoen arren, beti egon da Euskal Herritik urrunduta. Aurretik, Matti Iturralde eta Esti Gorostiaga medikuek gaixorik dauden presoen gaineko hitzaldia eman zuten kultur etxean.

Arrankudiagan, Lauko Euskal Herriko Sokatira Txapelketaren ostean, kirolari gehienek gaixotasun larria duen Txus Martin presoari elkartasuna adierazteko eta bere askatasuna eskatzeko argazkia atera zuten atzo.

Bestalde, ostiraleroko elkarretaratzeetan, 32 lagun bildu ziren Soraluzen, 67 Etxarri Aranatzen, 20 Beran, 15 Elgetan, 105 Donostian, 42 Arbizun, 75 Urretxu-Zumarragan, 35 Berriozarren, 164 Oreretan, 95 Zornotzan, 123 Lekeition, 100 Oñatin, 38 Getarian, 150 Lizarran, 14 Mundakan, 45 Bergaran, 160 Zarautzen, 42 Lizartzan, 65 Algortan, 24 Elizondon eta 80 Lazkaon.

Atxilotuekin bat Garazin

Donibane Garazin, bestalde, atzo 800 lagun inguruk manifestazioa egin zuten Askatasunak deituta Intza Oxandabaratzen eta Julen Mujikaren espetxeratzea gaitzetsi eta Josu Esparzaren entrega salatzeko. «Aterabide demokratikoa» ere aldarrikatu zuten Nafarroa Behereko hiriburuan bildutakoek. Orain dela bost hilabetetik haurdun den Intza Oxandabaratz Fresneseko espetxean sartu dute eta Julen Mujika Osnykoan.

«Aterabide demokratikoa orain. Errepresioa stop» lemadun pankarta eramaten zutenen artean, Alice Leizagezahar Berdeen eskualde kontseilaria eta Daniel Olzomendi Izurako auzapeza ziren. Mobilizazioan parte hartzeko deialdia eginez elkarrekin agiri bateratua plazaratu zuten EA, AB eta Batasunako ordezkariak ere ikus zitezkeen. Bere aurkako euroagindua indarrean duen Aurore Martin Batasunako militanteak ere esku hartu zuen manifestazioan.

«Ez gara tranpan eroriko, gero eta gehiago gara engaiamendua hartu dugunok aterabide demokratikoaren alde eta hau hastapena baizik ez da; bide onean gaude eta hala segituko dugu, gero eta herritar gehiagoren babesa lortzen, herri harresia eraikiz, eta dinamika berria indartzen», nabarmendu zuten bildutako herritarrek.

Donibane garazi

Emilie Martinek, Aurore Martinen ahizpak, pasa den astean Baionan egin zen manifestazio jendetsuari Estatu frantsesak Mujikaren eta Oxandabaratzen atxiloketekin «erantzun» diela nabarmendu zuen, beraien askatasuna eskatzeko atzo egin zen mobilizazioan.

IRUÑERRIA

Hiru urte baino gehiago espetxean egon ostean ostiralean libre gelditu ziren Aritz Azkona, Maider Caminos, Luis Goñi eta Alberto Lopez gazteei ongietorria egin zaie beraien auzoetan.

ARABA

Auzitegi Goren espainolak Ekaitz Samaniegori ezarritako zortzi urteko zigorra salatu du Arabako ezker abertzaleak. Prozesuan aurrera egiteko errepresioa alde batera uztea ere exijitu diote Estatu espainolari. Gaztea edozein unetan atxilotu dezakete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo