GARA > Idatzia > Kultura

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, hamar mila laguneko kuadrilla

«Zazpikoloroa» ikuskizuna aurkeztu du pailazo hirukoteak Barakaldoko BEC aretotzarrean, milaka laguntxoren aurrean. Gaur ere mordo bat elkartuko dira, 12.00etako eta 18.00etako emanaldietan.

p055_f02.jpg

GARA | BARAKALDO

«Zazpikoloroa» deitzen da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria. Pailazo hirukoteak bizkaitar haurrei eskaini zien atzo, Bonberenea Txarangarekin batera, BEC aretotzarrean jokatutako emanaldi berezian, milaka ume eta guraso so zituztela.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Irriaren Hirira gonbidatu dituzte laguntxoak, «Zazpikoloroaren festara». Usadioak dioenez, biharamun goizean jaioko da Zazpikoloro berria: urte osoan zehar mundua koloreztatuko duen hegazti miragarria. Gauaren erdian, ordea, Belekoi Andere zuri-beltz gaiztoa azalduko da, eta Zazpikoloroaren arrautza bahituko du. Patakon gidari dutela, eguna argitu aurretik aurkitu beharko dute arrautza pailazoek. Lortuko ahal dute Zazpikoloroa askatu eta munduaren koloreak babestea? Erantzuna Barakaldon eman zuten atzo, «gustura eta gogotsu, oso maitatuak sentitzen baikara bertan», pailazoek adierazi dutenez.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots hirukoteak koloretako Euskal Herria du aldarri, eta «egunero saiatzen gara nahi hori egia bihurtzen, lanean pozik». Aurten ere, pailazoak Bilboko konpartsak eta auzoetako jai batzordeak elkartu egin dira, auzolanean, «herriari irria zintzilikatzeko».

Horretarako Barakaldoko BEC aretoan hiru saio eskaintzeko asmoa dute. Lehena atzo gauzatu zuten, kuadrilla jendetsua osatuta. Gaur, berriz, beste bi saio izango dituzte, bata eguerdian, 12.00etan, eta bestea arrastian, 18.00etatik aurrera.

Sarrerak 7,5 euro balio dute eta salgai daude oraindik www.katxiporreta.com zein www.irrienlagunak.com atarietan, baita BBK Telekan eta BEC bertako txarteldegian ere.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo