GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Zoriontsu bizil

Inguruan zituenetarik bakar batek ere ez zion begiratu bere albotik igarotakoan. Inork ere ez. Hiltzear zen, hiltzen ari zen, hotzez eta gosez, penaz eta nekez, eta ez zion inork begiratu ere egin

Galdu du bizitza heriotzara kondenatuak. Eta arnas hartu, sakon, borreroak. Ispiluaren aurreko segundo erdi deskribatzeak apenas eragiten du esfortzua egin beharrik. Bizitzeak ere ez. Apenas da eginkizun. Ez da deus, ia-ia. Eta garrantzia ezak egiten du onargarri, seguruenik, hori. Ekintza hain ttikiak burutzea, ahaztuta ere, berdin berdin. Hala, agurtu gabe gurutzatzen dira gure bideak, etxe atari berean berriro bat egiten duten arte. Gure burua ezagutu ez eta bizilaguna ezagutzeko moduan!

Bada munduan jende pila ederra, sobera, eta gehienak bakarrik sentitzen dira, gurasoekin bizitzen umezurtz batzuk, bikotearekin ohean alargun beste asko. Badira norbanakoak ez direnak bat; bat ere ez direlako batzuk eta garun bakarrean bizilagunak dituztenak beste batzuk. Badira janaria zabor poltsara botatzen dutenak eta badira zabor poltsatik jaten dutenak ere. Badaude etxea bizitzeko dutenak, eta oporretarako edo nahi dutenerako dutenak ere badira; nahi ez arren, oporrak dituztelako etxerik gabe bizitzera kondenatuak badirenez, badira. Ba ote gara, garena garenez, garuna erabiltzeari uko egiten diogunean? Eta bagara, zertarako gara? Zergatik? Zer? Bada zeruan izarra barra-barra. Denek eskuz ukitu nahi, denak lerde dario. Eurak dizdizari, harro, goitik beha, gainetik, izar. Den-dena distira, den-dena izarra. Hodeiak goibel, irribarre lainotuak eguzki forma du. Eta lerdea ari du.

Inguruan zituenetarik bakar batek ere ez zion begiratu bere albotik igarotakoan. Inork ere ez. Hiltzear zen, hiltzen ari zen, hotzez eta gosez, penaz eta nekez, eta ez zion inork begiratu ere egin, beraien bihotzari so entretenimendu aski topaturik, nonbait. Eta arraroa da, ez baitzen beltza koloretako argi dantzariz apaindutako pinuaren azpian hil zen gizon hura.

Umeak aldeetara jolasean korrika, gurasoak pipitta jaten petrilean jezarrita, udaletxeko bozgorailuetatik oilarra kukurrukuka, eta gizona, ez zena beltza ezta errumaniarra ere, gosez eta hotzez, nekez eta penaz, kaput. Akabo. Anbulantzia iritsi zenerako orduak zeramatzan poliziak han. Gorpu hura pinupera nork, noiz eta nola eraman ote zuen, peskizan. Segurutzat zuten ez zitekeela bertan hildakoa gizon hura, beltza ez eta errumaniarra ere ez zenez. Gainera, han izan balitz, gertakari ilun eta tragiko hura -herri osoa erabat hunkitua zen- pinu argiztatuan bertan jazo izana. Nolatan han? Baten batek zer edo zer ikusi edo entzun beharra derrigorrezkoa litzateke hala izatekotan! Auskalo.

Beilatokian ez dago inor. Hildakoa ere oraintxe atera da kafe makinarantz, asper-asper eginda, zuri-zuri. Ez da beltza, ez, ezta errumaniarra ere. Ez dio inori begiratzen pasilloa zeharka- tzen duen bitartean. Bost axola alboetara uzten dituen alargunen negar zotinak; ez dira bereak, ez horixe! Bost axola bazterretan atzera uzten dituen umezurtzen garrasi kontsolaezinak; ez dira bereak, ez horixe! Berdin zaio hilik bizitzea. Badaki besteek, biziz, gehiago egin gabe, soilik biziz, hiltzen dutela. Ez da hori hobea, ez horixe! Zoriontsu bizil.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo