GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Itziar Aizpurua Egaña Ezker abertzaleko militantea

Urte berrian, konpromiso berria

Azkenaldian, makina bat idatzi da prentsan eta aditu ere bai ikus-entzuneko komunikabideetan, euskal preso politikoei dagozkien eskubideei buruz, espainiar Gobernuak zein frantziarrak betetzen ez dituztenak bestalde: beren etxetik hurbil egotea; kartzelako barne-baldintzak hobetzea; betetzen ari diren kondenari gehitzen dioten bizi guztiko kondena-zigor legea deuseztatzea; kondena betea dutenak etxeratzea, hau da, jasaten ari diren bahiketa bertan behera uztea; gaixo daudenak etxeratzea eta abar, beste eskubide askoren artean. Izan ere, eskubide hauek Espainiako eta Frantziako legeek jaso arren, eta gobernuek berek egin arren, horien Justizia ministerioek argi jarri digute, azkenengo urteetan endemas, ez dutela inongo presarik, eta atxikitzen dut gogorik ere ez, euskal presoei buruzko «arazoa» kudeatzen duten administrazioei behar bezalako aginduak emateko. Behar bezalakoak diot beren legeak eskuetan harturik bete ditzaten.

Orain arteko aitzakia ezker abertzaleko ETAren borroka armatua izan bada iturburu eurek sortutako legeak ez betetzeko, orain behinik behin ezin diote horri eutsi, beraz, nola behartu genitzake frantziar zein espainiar gobernuak euskal presoekiko jarrera alda dezaten?

Nire buruan garbi dago erantzuna: geure pausoa aldatuz. Ez dut zalantzarik bizkortu egin behar dugula gure pausoa eta konpromiso zehatza hartu.

Batetik, halaxe eskatzen duelako kartzelan eta atzerrian dauden kide, senide eta lagunen egoerak. Eta bestetik, Euskal Herria gatibu duten espainiar eta frantziar estatuek euskal gizartearen presioa sentitu behar dutelako etengabeko zama gisa jasanezina suertatu arte. Era horretan soilik lor baititzakegu gure asmo eta beharrak euskal preso eta exiliatuekiko, eta zeresanik ez, Euskal Herria herri gisa aitor dezaten. Euskal gizartea oro har ezin da hizki handiz idazten den askatasunera bideratu ehunka herritar konprometitu kartzelan eta atzerrian utzirik egunen batean irtengo direlakoan, bada, euskal gizartea osatzen dugunok ustel eta duintasunik gabeak ginatekeelako.

Iragana ahanzten duen herriak nekez sor dezake etorkizunerako bide argi eta sendorik.

36ko gerrateko seme-alabek eta bilobek ezin dute geratu giltzaperaturik edota atzerrian ezkutaturik Euskal Herria zapuzten duten bi Estatu zikoitzek nahi duten arte, horrela erabaki dutelako. Eta gu, geure herrian herritar libre ez garenok, are gutxiago izango gara, euskal presoekiko darabilten krudelkeria desagerrarazten ez badugu.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar, kartzelan eta atzerrian daudenek eskubide osoa dutela bere Herriaren etorkizunean parte hartzeko. Eta horretarako eta betiko legez esan behar dut, ez dudala nik bederen, beste errezetarik ezagutzen borrokan tinko jardutea ez bada.

Orain arte bezala gizaldietan zehar, ez digute ezer doan emango. Guk lortu beharko dugu erabakitzen duguna. Horregatik aipatu dut pausoaren aldaketa, konpromisoarena, alegia. Euskal gizatiarrak bagara, are gehiago abertzaleak, ezkertiarrak, demokrazia zaleak, Euskal Herria eraiki nahi badugu gaurtik, ezinbesteko dugu euskal preso eta exiliatuekin batera pausoa ematea. Lehena, bihar Bilbon eman dezakegu guztiok elkarrekin, eta hortik aurrera norberaren konpromiso sendoa 2012an preso eta atzerrian daudenak etxera ekartzeko.

Hau bai kolosala!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo