GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Zortzikoa

Mundukoari begira hasiko da Euskadiko Txapelketa

Artziniegan jokatuko da bihar aurtengo denboraldiko lehenengo saioa.

p034_f01.jpg

Jon LEUNDA

Bihar hasiko da Artziniegako kiroldegian Euskadiko Zortziko Sokatira Txapelketa. Aurten goma gaineko Munduko Txapelketa jokatuko denez -Eskozian- Euskadiko Txapelketak ez du luze iraungo, hilabete pasatxo hain justu. Zortzi saio jokatuko dira, eta emakumezkoak zein gizonezkoak ariko dira lehian.

Abenduan amaitu zen Euskadiko Lauko Txapelketarekin alderatuta, gizonezkoetan dira berritasunak. Izan ere, Zuraide, Basaburua-Imotz, Txantrea, eta 6 Conceyos -hauek asturiarrak- arituko dira. Aldiz, Urruña eta Kuartango-Urkabustaiz ez dira ariko zortzikoan.

Iazko txapelketarekin alderatuz gero, berriz, gizonezkoei dagokienez, Iruñeko Txantrea berriro ariko da, iaz ez baitzuen lehian jardun; bai aurreko urte batzuetan. Emakumezkoen sailean, berriz, Bizindar, Artziniegako taldea, erabat berria da, ez baitu inoiz emakumezkoetan jardun aurten arte. Iazko urrian hasi ziren entrenatzen. Berriozar ere berriro ariko da.

Bihar 17.00etatik aurrera jokatuko den saioan, gizonezkoen 680 kiloko neurketa jokatuko da, eta emakumezkoen 540 kilokoa. 680koa jardunaldi bakarrera jokatuko da, eta bihar bertan erabakiko da txapela.

Parte hartuko duten taldeak, honako hauek dira: Zuraide A, Zuraide B, Sokarri, Abadiño, Amaiur, Ibarra eta 6 Conceyos. Sokarri, Abadiño eta Ibarra dira, hasiera batean, txapela lortzeko faborito nagusiak. Emakumezkoetan lehen jardunaldia jokatuko da, eta bertan, Badaiotz, Berriozar, Bizindar eta Sakana neurtuko dira.

Urrezko Aizkora

Urrezko Aizkoran Zilarrezko Mailako lehiaketa abiatuko da gaur Elorrion, Gazeta auzoan 13.00etan. Bertan Mujika eta Alkizalete II.a Irazabalen eta Kañamares III.aren aurka neurtuko dira. Mujika maila nagusiko txapelketan ere aritu da, baina behin kanpoan geratuta, bigarren mailakoan ere parte hartzeko prest agertu da, eta hortxe izango da. Kanporaketa eran jokatuko da lehiaketa hau ere, eta galtzen duenak etxerako bidea hartu beharko du.

Oraindik datarik ez badago ere, gazteen binakakoa ere jokatuko da. Zalantzan egon da, baina azkenean jokatzeko moduan izango dira, eta etorkizunean goiko muturrean ibiliko diren aizkolariak ere ikusi ahal izango dira aurten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo