GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14 fútbol

Biarritzek azkeneko jardunaldian hasitako bideari jarraitu behar dio Agenen zelaian

J.L.

Biarritzek joan den larunbatean ekin zion bideari jarraitu behar dio beheko zulotik irten nahi baldin badu; bestela jai izango du. Hala ere, azkeneko garaipenarekin eta egindako jokoari esker dezente argitu dira biarriztarren aurpegiak.

Gaur ez dute neurketa erraza izango, Agenen zelaian jokatuko baitute 20.45etik aurrera, baina hemendik denboraldia amaitu bitarte horrela izango da, talde guztiek zerbait izango baitute jokoan. Agenek Ligako final-laurdenak jokatzea du aurtengo helburua, eta dauden lekuan jarraitu ahal izateko, lau puntuak behar dituzte.

Biarritz egoera berean da, galduz gero, joan den larunbateko garaipenak ezer gutxirako balioko baitu. Gaur irabazi eta bihar Avironek eta Lyonek puntu bat ere lortu gabe galduko balute, jaitsierako postutik irtengo lirateke, eta horrek sekulako balioa izango luke. Galduta, ordea, alderantzizkoa gerta daiteke. Bere aurrekoek irabaziko balute, gauzak asko okertuko lirateke jokalari zuri-gorrientzat.

Hamabostekoa erabakita dago, eta azken orduko aldaketarik ez bada, honako hau izango da: Marconet, Hegi, Gomez Kodela, Thion, Lauret, Guyot, Faure, Yachvili, Bolakoro, Traille, Gimenez, Ngwenya eta Balshaw. Hori baieztatzen baldin bada, Terrain, Barcella, Carizza, Lakafia, Peyrelongue, Baby, Haylet Petty eta Lebrequier geratuko dira aulkian. Agenek orain arte zortzi partida irabazi ditu eta bost besterik ez ditu galdu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo