GARA > Idatzia > Ekonomia

Erralde hiltegiak zabalik jarrai dezan luzamendua eskatu diote Lakuari

p024_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Erralde hiltegiko langileek atzo Bilboko Abando hotelean egindako agerraldian, Lakuako Gobernuari itxiera prozedura eteteko luzamendua eskatu zioten harakinen elkarteak, langileen sindikatuek, kontsumitzaile elkarteek eta Erraldeko arduradunek, besteren artean.

Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak eta Unzalu Salterain EHNEko arduradunak hitz egin zuten guztien ordezkari gisa eta argi utzi nahi izan zuten Durangoko hiltegia ixteko «osasun arloan arrazoi bakar bat ere ez» dagoela eta kontrol guztiak inolako arazorik gabe pasatu dituela beti.

Hiltegia zabaltzeko arrazoi ugari daudela baieztatu zuen Ansotegik; horien artean nagusia, hiltegiak zituen arazo tekniko eta estruktural guztiak zuzendu dituztela edo konpontzeko bidean direla. Gainera, Erralde osatzen duten hamabost udalez gain, Bizkaiko beste hamasei udalek azaldu dute elkarte publikoan parte hartzeko nahia.

Horrez gain, gogora ekarri zuten Erralde elkarteak Berrizen eraikiko duen hiltegi berria «proiektu estrategikotzat» jo duela Lakuako Nekazaritza Sailak.

Bozeramaileek gaineratu zuten itxiera honek kalte nabarmenak ekarriko lituzkeela hiltegiko langileentzat, baserritarrentzat zein kontsumitzaileentzat okelaren kalitateak behera egingo lukeelako hiltegia toki urrunago batera eramanez gero.

«Itxierak kalteak baino ez ditu eragingo arlo ekonomikoan. Diru publikoa xahutuko dugu lanpostuak desagerrarazteko?», nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo