Irisgarritasun Plana onartzeko herri galdeketa hasiko dute gaur Mañarian
Mañariko bizilagunek herriko Irisgarritasun Planari buruzko galdeketan parte hartzeko aukera dute gaur eta bihar. Hilaren 31rako onartu beharrekoa den planak herrira ekarriko dituen abantailak azaltzen ibili dira orain arte, eta gaurkoan herritarrek hartuko dute hitza.
Ana ABARIZKETA | MAÑARIA
Mañariarrek hitzordu berezia dute gaurko eta biharko. Durangaldeko herrixka honetan Irisgarritasun Plana onartu eta aurkeztu behar dute hilaren 31rako, eta Udalak, herri galdeketaren bidez, bizilagunen iritzia jaso nahi du, ondoren, zirriborroan ezartzeko.
Irisgarritasun Planaren helburua herriko hainbat gune seguruagoak eta irisgarriagoak egitea da. Diru laguntza publikoak izaten dira horretarako, eta hilaren bukaerako plana aurkeztea behar-beharrezko baldintza da diru laguntza jaso ahal izateko.
Endika Jaio da 500 biztanle pasatxo dituen herri honetako alkatea. Pasa den urteko hauteskundeetan Bildu koalizioak hartu zuen lekukoa herrian. Jaiok beharrezkotzat jotzen du herritarren parte hartzea, finean erabakiek zuzenean eragingo dutelako eurengan. Egitasmoan Mañariko lau eremu sartzen dira, eta aurreikusitako helburuen artean daude, besteak beste, gune jakin batzuk oinezkoentzat irisgarriak izatea, zakarrontziak bizilagun ororentzat eskura jartzea edota liburutegiko eta hilerriko arrapalak hobetzea.
Gaurko eta biharko galdeketari dagokionez, bi kontsulta egingo dizkiete herritarrei, eta bakoitzean bi aukera izango dituzte. Bata, kontainerren kokalekuaren gainekoa; bestea, hilerriko arrapalari buruzkoa.
Aurretik, etxez etxe
Gaurko egunera iritsi aurretik, herritarrak informatzeko kanpaina egin du Udalak. Etxez etxe ibili dira azalpenak ematen eta batzarrak egin dituzte, orokorrak nahiz talde txikikoak. Herriko atarietan bildu eta inguruko baserrietara gerturatu ziren proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Alkatea gustura dago bilerek izandako harrerarekin. Guztira 90 bat lagun batu direla dio. «Nahi ez genuena zen Udalean plan bat inplementatu eta gero jendeak ez jakitea zer den».
Oposizioari dagokionez, EAJ da Udalean ordezkaritza duen alderdi bakarra. Alkateari galdetuta ea horiek ere parte hartu al duten Irisgarritasun Plana eratzen, ezezkoa erantzun du, kontrako jarrerarik ere hartu ez duten arren.
Mañarian herritarren parte hartzea bultzatzen jarraitzeko asmoa dute. Laster batean ez bada ere, herriko plan orokorra onartzea tokatu zaie legealdi honetan, eta hor ere herritarrak aintzat hartzeko asmoa dutela azaldu du Jakak. «Hori izango da gure erronketako bat».
Gaur 11.00etatik 14.00etara bozkatu ahal dute mañariarrek, udaletxeko batzar aretoan, eta bihar 08.00etatik 10.00etara, udal bulegoan. Ondotik ikusiko da herritarren erantzuna eta parte-hartzea zein izan den.
Bozketan parte hartzen duten herritarrek, bi kontsultei erantzuteko aukera izango dute. Batetik, kontainerren kokapena aukeratzeko; eta bestetik, hilerri eta liburutegiko irisgarritasuna hobetzeko.