Julen MURGOITIO
Handitik txikira, bidea
Hortxe dira, kale izkinetan, beira-ontziak hutsik, azken egunotan botilaz lepo egon badira ere. Eta horien ondoan, hutsean pare, paper-ontziak, orain gutxi arte botila-kutxen kartoiez eta opariak biltzeko kolorezko paperez lehertzeraino beteta egon badira ere. Urte zaharra joana eta berria sartua den seinale. 2012 edo, inflazioa kontuan hartu gabe. Iazko azken egunen zorabioak aurtengo lehenengo egunen lasaiari bidea zabaldu dio, beste behin ere, urtero legez, egutegiz. Ohiko ezohikorako bidean gara, berriz ere. Agur! Gameluak urrun dira jada, zooren batean seguruenik, erregeak zoritxarrez hurbil diren bitartean; biodibertsitate gizajoa! Zer gutxi ulertua haizen! Hasiak dira enpresa azpikontratatuek azpikontratatutako langile behin-behinekoak kale nagusietako argi-xortak batu eta kutxetara sartzen, hurrengo urte-mugaren esperoan. Kale txikietan ez dute lanik izango, horiek ez baitute urte aldaketa argitan sentitu. Jaiotzak ere hasiak dira biltzen, artzainak eta animaliak zoora berriro, errekako urak urtegira atzera, umetxoaren ama ei dena elizara berriz, aita eta semea lan bila, taberna aspaldi itxita dagoenez... eta argi-xorta kutxara! Esan liteke, halaber, alde zaharreko kale estuek espazioa irabazi dutela ostera ere, kaletarrek bolumena galdu neurri berean kaleek espazioa irabazi; izan ere, joan diren egunetako kaletarrak fardel eta poltsen luzapena baino ez ziren. Zoritxarrez, hiri kanpoko saltoki handiek saltoki izaten segituko bide dute, aurrerantzean ere. Meteosatek lasaitu ederra hartuko zuen honezkero! Bere oraingo irudietan grisek hartu dute, berriro hartu ere, argazkiaren zabala, joandako egunetakoetan beltza, leku batzuetan, eta zuria, besteetan, nagusi ziren bitartean; grisa, jendea berriz ere sakabanatzen hasia den seinale, egun batzuetan hustutako lekuak berriro ere betetzen.
Bai, egutegiak jartzen gaitu egunean. Akabo jaion burbuila! Urtarrilean gara! Ilbeltza askorentzat. Eta kale nagusiak argiez erantziak izan badira ere, jendearen argiaz janzten hasiak dira, berriz ere. Hurrengo urratsa kale txikietara ere ailegatzeko da, txikirik gabe ez baitago handirik. Kaleak bete, espetxeak husteko. Ez dakit hori termodinamika den ala ez, ez du ardura! gizartearen beroa mantentzeko dinamika da, ezinbestekoa. Egin dezagun on 2012! Berez ez da izango eta!