GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga | Filosofian lizentziatua

Kolosala izan da

Euskal preso politikoen eskubideen aldeko martxa erraldoiaren biharamunean, azken hamarkadetako historiaren gaineko hausnarketa eskaintzen du autoreak, eta urte horietan Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan jardutea erabaki zutenenganako errespetua eskatzen du, «legeak debekatzen duela jakinda ere».

Atzo Euskal Herria kalera atera zen beste behin ere. Manifestazio isila izan bada (larunbat goizean ari naiz artikulua bukatzen) ez da izan bertaratu ginenok Marlaskaren autoa onartzen genuelako. Alderantziz baizik, probokazioetan jausi gabe, preso eta errefuxiatu politikoen eskubideen aldeko atxikimendu handieneko momentu bat egoki kudeatzea hobetsi zelako. Inportantea da ohartzea: atzoko manifestazioak erakusten duenez, preso politikoen etxeratzearen eta kaleratzearen eskaerak lehentasuna hartu du gatazkaren irtenbiderako eman beharreko pausoen artean. Pasea da ezker abertzaleak modu isolatuan presoen eta iheslarien giza eskubideen defentsa egiten zuen garaia. Funtsezko eskaera demokratiko hori sozializatzea lortu da. Bilbon militante zahar eta berriak elkartu ziren atzo, esperantza zahar eta berriak, iraganeko eta gaurko irribarreak, eta etorkizunekoak. Harrotasunez, guztion ardura orainean eta etorkizunean iltzatuta dagoen arren, iraganaz marraztu nahi diguten irudi faltsuari buruzko ardura ere nabari daiteke.

Izan ere, gaur egun zein erraza den azken 50 urteotako karikatura bat egitea! Errazegia, legearen eta aparatu mediatiko guztien babesa atzean dugula. Euskal Herriaren azken 50 urteetako historia, ordea, minaren, porrotaren, heriotzaren, etsipenaren, gorrotoaren, ukoaren, zapalketaren eta amorruaren historia izan den bezala, ezin da ahaztu garaipenaren, elkartasunaren, superazio pertsonal eta kolektiboaren, bizitzaren, maitasunaren eta esperantzaren historia ere izan dela. Nolabait, herri baten norabidea markatu duen esperantza eta desesperantzaren balantzan mugitu den historia tragikoa izan da oinordekotzan jaso duguna. Joseba Sarrionandiak «Kolosala izango da» liburuan idatzi zuenez, «ez genekien gerra hain makurra izango zenik, jende guztiaren etxera sartuko zenik, eskailerak igo, atea jo, eta barrura sartuko zela, eta atea jo gabe ere sartuko zela. Horrela hondatu ziren gure bizitza txikiak» (134. orria). Gerra zibilean kokatutako eleberria izanik ere, azken 30 urteetan gertatutakoaren sentimendua azaltzeko ere balio du. Gatazkak gure bizitzak hondatu zituen arren, ezin ederrago ere bihurtu zituela ezin da ahaztu, ordea. Eta ezin da historia luze eta korapilatsu honen aldaera guztiak kontuan hartu gabe karikatura interesatu bat marraztu, orain horretan tematuta diruditen batzuek bezala. Ezin da historia luze eta korapilatsu horren interpretaziorik egin aurretik historia bera ukatu egiten badugu.

Historia gauza askok osatzen dute. Karl Popperrek esaten zuen («Gizarte irekia eta haren etsaiak». Klasikoak) historia interpretatzen dugunean, beti botere politikoaren historia idazten dugula, eta botere politikoaren historia nazioarteko krimenen eta masa erailketen historia besterik ez dela; baina historia ez dela bakarrik botere politikoarena, gizaki guztien minen eta bizitza partikularren bizipenen multzoak ere osatzen duela; alegia, gure historia bertoko eragile guztien borroken, minen eta esperantzen historia dela. Izan ere, zergatik da azken 50 urteetako historia ETAren historia? Eta zergatik ez, 50 urte hauetan ukatutako eskubideen historia? Edo estatu erailketen eta torturen historia? Ez al da eskubideen ukazioen historia izan beste historiatxo guztiak (borroka armatua, erbestea, eta abar) baldintzatu eta sorrarazi dituena? Kontatu daitezkeen historia asko daude hemen, ahanzturan utzi ezin direnak.

Eta iruditzen zait gizarte honek aurrera egingo badu (eta ez atzera, frankismoaren kanposantuko bakera, alegia), uste dut oraintxe bertan egin daitekeen galderarik zentzuzkoena hau dela: zerk ekarri gaitu hona? Zerk eraman du herri honetako sektore bat borroka armatua hautatzera? Zerk eraman du gobernu autonomikoa bertako gazteak torturatzera? Zerk eraman du espainiar gobernua gure herria ukatu, iraindu eta suntsitzeko nahira? (Eta abar) Batek kausa jartzen duen lekuan besteak ondorioa jartzen duela jakina da. Baina ongi baino hobeto dakigu 50 urteetako historia hau zergatik jaso dugun jakiteko, testuinguru sozial, politiko, moral eta kultural konkretu bat egon dela atzean, eta horrek ahalbidetu dituela hainbat gauza, inoren erantzukizuna zuritu nahi gabe. Hori ahaztu eta azken 50 urteetako gatazkaren erantzukizuna herri honen duintasunaren alde borrokatzeko altxatu zen sektore bati egoztea (hots, errua batzuek armak hartu izanari egoztea) sinplekeria onartezina da, gure historia osoa ukatzen duen sententzia, alegia. Kontuan hartu beharreko faktore gehiegi daude gatazkaren ondorio bat baino ez den borroka armatuari errua egozteko. Izan ere, errazegi ahaztu dute batzuek ETAren sorrera eta iraupena ahalbidetu zuena frankismotik «demokraziara» aldatu gabe pasatu ziren baldintza politiko, kultural eta sozialak izan direla. Eta hori behin eta berriz errepikatu behar da; kontrakoa mila aldiz errepikatuz egia bihurtzerik nahi ez badugu, Goebbelsek zioen bezala.

Funtsezko galdera zera zen: zerk eraman du hainbat belaunalditako jendea bere familiarteko, lagunarteko, unibertsitateko bizitza atzean utzi eta armak hartzera? Ezin dugu ahaztu belaunaldiz belaunaldi osatutako kolektibo hori dela, hain zuzen, 50 urte hauetako lehenengo biktima. Atzo Bilbon batutako gehienek ondo baino hobeto dakite gure herriko historiaren ertz horrek zenbat sufrimendu, erabaki latz eta zama astun daraman gainean. Eta ondo baino hobeto dakite, baita ere, istorio pertsonal horiek ez direla delinkuentziaren edo zitalkeriaren ibilbideak; aitzitik, duintasunaren eta elkartasunarenak baizik. «Baina ekibokatuaren ohitura eta ausardiarekin zin egin dezakegu: maite genituen gauzengatik erori ginen preso, baina gure maitasuna oraindik ez dago preso» («Hemen gaude eta jarraitzeko asmoarekin». Sarrionandia. «Kartzelako poemak»). Noizbait Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan jardutea erabaki zuten guztien motibazio, historia, testuinguru, hautu eta bizitzak ere, hortaz, herri honetako historiaren zati garrantzitsu dira. Haiek ere badira Euskal Herriaren ukazioaren azken 50 urte hauetako biktimak.

Egia da, gatazkaren aurrean konpromiso eta erabaki graduak egon izan dira beti. Errealitate gordina zera da, ordea, gehienek ezin izan zutela borroka bakar bat ere hautatu, gatazkak berak hautatu du haiengatik. Gatazkak behartu zuen batzuek derrigorrez (inoiz ez da derrigorrez, noski, herri suizidioa ere posible zen, etxean geratuz) bide bat hartzera, bihotza gogortu eta haien familia atzean uztera, lagunak galtzera, heriotzari aurpegia ikustera, biolentziaren zama bizi guztirako barruan eramatera, eta abar. Erabaki eta jardun horren atzean, hortaz, ez dago etikaren kontrako erabakirik: aitzitik, jarrera etiko sendo bat dagoela iruditzen zait. Eta uste dut, gatazkaren inguruan bakoitzak egiten duen irakurketa bat edo bestea izan, pertsona horiek guztiek errespetu minimo bat merezi dutela, errespetu hori legeak debekatzen duela jakinda ere.

Izan ere, polizia torturatzaileak, giza eskubide zibil eta politiko gehien ukatu dituzten errege, ministro, presidente eta epaileak dira «demokraziaren» heroiak, hori badakigu. Jakina da, gurean, leku guztietan lez, Gu ta gutarrak taldearen «Metaforen gerratea» kantak dioena: «sarri fikzio konpartitu bat da errealitatea, baina gutxitan aipatzen dugu metaforen gerratea/ Berben jabe izatea da arma fulminantea». Eta berben jabe denak izendatzen ditu haren heroiak, eta lurperatu haren gaizkileak. Baina Euskal Herria bere berben jabe da aspalditik. Atzo Bilbon bildu zirenak zein kartzeletan edota erbestean daudenak, herriak, ongiegi dakite ez dagoela marrazkietako heroi eta gaizkilerik. Ongi dakite, baita ere, askatasun, bake eta justiziarako bidean garrantzitsua izango dela preso eta erbesteratu politikoen ekarpena: horregatik da ezinbestekoa haiek denak ahal bezain laster etxean izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo