GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Izagirre STEE-EILAS sindikatuko kidea

Krisiari aurre egiteko jendartea kaltetu?

Probokazioak dira enpresariak inolako lotsarik gabe botatzen ari direnak. Harrotuta daude eskuinak dena oraindik eta errazago jarriko diela ikusita, eta sudur puntan jartzen zaiena esan eta egiten ari dira

Hori da behin eta berriro gertatzen ari dena orain arte gauzatu dituzten eta aurrerantzean zehaztu nahi dituzten neurriekin. Aspaldian esan genuen, gehiengo sindikalarekin batera, jasaten ari garen krisiari aurre egiteko ezinbestekoa dela bere jatorriari begiratzea ardurak non dauden jakiteko, gezurrik ez zabaltzeko, irtenbide faltsurik ez saltzeko eta ondorioei benetan aurre egiteko.

Bi hitzetan berretsiko dugu denok dakiguna eta batzuek ezkutatu nahi dutena: krisiaren sorrerak espekulazio finantzarioan eta ahalik eta etekin handiena denbora laburrenean irabazteko bankariek hedatu duten jardunean eta irizpidean du oinarri nagusia. Beraz, ezinbestekoa da horri erreparatzea eta aurre egitea benetan konponbideak topatzeko asmorik baldin badago. Eta hori da, hain zuzen ere, gobernuek egin nahi ez dutena eta estali nahi dutena; ondorioei begira jarri nahi gaituzte, hor «errazagoa» baitzaie mugitzea, kudeaketan murgilduz eta arazoen konponbideari heldu gabe.

Bankuek, boteretsuek, dirudunek eta espekulatzaileek sortu dute krisia, baina gizartearen gehiengoak jasaten du, eta gobernuek «denon artean» ordaindu behar dugula diote. Dagoeneko denon artean ordaindu ditugu miserable horien arinkeriak, milaka milioi euro joan zaizkie banku nagusiei fondo publikoetatik, denon dirutik, «beraiek direlako ekonomiaren motorra». Nortzuk eta dirutza hori guztia jaso ondoren hipotekatutako herritarrak kaleratzen dituztenak, autonomoei eta enpresa txikiei maileguak ukatzen dizkietenak, beren fiskalitatea ukitzen bazaie dirua beste alde batera eramango dutela esaten dutenak. Xantaia zale eta diru gose aseezinak dira.

Panorama horren aurrean gobernuak ditugu: tamalez boteretsuen zerbitzura daude eta ez daude prest haien aurka ezer egiteko. Ondorioak kudeatzea da gobernuek gizarte osoaren izenean egin nahi duten gauza bakarra. Horren harira, besterik ezin dela egin errepikatzen dute behin eta berriro eta euren jardunaren oinarrian dauden hiru mezu nagusi luzatzen dituzte: krisia oso gogorra da, ez dago dirurik eta denok jarri behar dugu zerbait arazoa konpontzeko.

Lehenik, krisi egoera oso gogorra dela ez digute azaldu beharrik, gizarte osoa baita guztia biziki jasaten ari dena: kaleratzeak, murrizketak, EREak, soldaten galerak, hipoteken gainkargak... amaiezina da sektore ahulenek bereziki pairatzen duten ondorioen zerrenda.

Bigarren baieztapenarekin gezurraren bideari heltzen diote inolako lotsarik gabe. Dirua egon badago. Betiko estereotipoak alde batera utzita (euren soldatak, propagandak, txantxulloak...), hor daude, adibidez, inposatutako azpiegitura obra erraldoiak, dirutza ikaragarriak eramango dituztenak. Ez al da zilegiago, hauen beharraren eztabaidaz gain, moratoriak aplikatzea eta oinarrizko zerbitzuetara eta gizarte beharretara dedikatzea? Krisi egoeran bagaude, zergatik ez dira aldatzen lehentasunak?

Baina, zoritxarrez, larriagoa da arazoa. Esaten dute dirurik ez dagoela eta ez dute planteatzen diru gehiago izateko aukera. «Dagoen» dirua birbanatu baino ez dute egiten, oinarrizko zerbitzuetan murrizketak eginez, gizarte kohesioa kaltetuz eta denok jarri behar dugula zerbait errepikatuz. Hortik doa hirugarren mezua. Baina badaude diru gehiago biltzeko aukera ezberdinak. Urteak daramatzagu neurri fiskal justuagoak exijituz: iruzur fiskalari aurre egiteko neurri zehatzak ezartzea (diru beltza, paradisu fiskalak, SICAV...), irizpide fiskal progresiboak finkatzea eta aberastasunei zergak handitzea gehiago ordain dezaten, pribilegiorik gabe. Oraindik ez dute inolako arrazoirik eman halako neurririk ez hartzeko, zentzuzko arrazoiez ari gara, noski.

Bost axola indarrean dauden araudiak, legeak, lan hitzarmenak, konpromisoak eta gainontzekoak. Langileon lan baldintzak eta eskubideak jasotzen dituzten lege eta arau multzoen aurrean intsumiso deklaratzen dira gobernuak eta patronalak. Inolako arazorik gabe apurtzen dituzte eta erraztasun gehiago eskatzen dute, oraindik, euren interes soilak defendatzeko.

Probokazioak dira enpresariak inolako lotsarik gabe botatzen ari direnak. Harrotuta daude eskuinak dena oraindik eta errazago jarriko diela ikusita, eta sudur puntan jartzen zaiena esan eta egiten ari dira. Nola ausartzen dira funtzionarioen pribilegioez hitz egitera euren meritu bakarra familia dirudun batean jaio izana edota besteen kontura dirutza eta aberastasun ikaragarriak egin izana baldin bada? Irabaziak izan direnean euren patrikara eraman dutenek eta garai okerrak etorri direnean langileak kaleratu dituztenek hitz egin nahi digute pribilegioez? Esango al die hauei lehendakari jaunak ez erabiltzeko herritarrak, ez erabiltzeko euren interesak gizarte osoa kaltetzeko?

Konbentzimendu osoa dugu egoera honetan bide bakarra uzten digutela boteretsuek eta haien mendeko diren gobernuek: erantzuten jarraitzea, mobilizatzea, ez dugula halako jokabiderik onartzen adieraztea, badaudela beste moduak krisiari aurre egiteko errepikatzea, gizartearen gehiengoaren beharrak eta interesak kontuan hartu behar direla berrestea, hau da, elkartasuna, kaltetuenekiko hurbiltasuna eta injustizien aurkako borrokaren aldarrikapena parametro hauetan egin ezean babesa emango diegu gobernuei, enpresari eta dirudunei. Ez dugula ezer lortuko? Norberaren zilborrari begira gelditzea da ezer ez lortzeko bide nagusia. Ez diezaiegun utz nahi dutena egiten, hori izango baita lehen lorpena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo