GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HISTORIARAKO MANIFESTAZIOA BILBON

Itxaropena eta babesa, eskutik helduta egun berezi batean

Itxaropena, ilusioa, babesa eta gisako hitzak entzun zitezkeen euskal presoen senideen ahotan, kinkelak banatu eta zapiak lepoan jartzen zituzten bitartean. Hankak lurrean ipinita, pausoak emateko garaia iritsi dela nabarmendu zuten. Guztien desioa, atzoko argazki erraldoia ez dadila horretan gelditu eta gaurtik hasita, jarraipena izatea.

p008_f01_234x128.jpg

Ainara LERTXUNDI

Euskal preso politikoen senideek ez zuten atzo espetxeetarako bidaiarik egin. Ez zuten autoa edo autobusa hartu behar izan Algecirasera, Cadizera, Almeriara, Salamancara, Badajozera, Madrilera... joateko. Atzokoa egun berezia baitzen, sentimendu gazi-gozoz betetako eguna. Guztiek hitzordu eta jomuga bera zuten: Bilbo.

«Aste hau arraro xamarra izan da sentimenduen aldetik. Gure asteak astelehenean hasten dira, bisita eskatzeko kartzelara egiten dugun deiarekin eta hara joateko bidaia antolatuz. Aste honetan ez dugu dei hori egin behar izan, ezta autobusa hartu behar izan ere. Bisitarik ez izateak nolabaiteko urduritasuna eragin dit, baina hemen egon behar genuen. Gaurko [atzoko] deia oso berezia izan da: Xabier kaleko giroaz galdezka eta bere barne sentimenduak azalduz. Astea bihar [gaur] amaituko dugu, bost minutuko dei labur eta ziztrin batekin. Bost minutu horietan, ordea, Bilbon ikusi dugun argazkia eta gizartearen aldetik jaso dugun babesa eta itxaropena azalduko dizkiogu», adierazi zion GARAri, Itziar Goienetxeak, Xabier Alegriaren neska-lagunak, kriseiluak senideen artean banatzen zituen bitartean. Puerto III espetxetik, Euskal Herritik 1.200 kilometrora, bi gauza eskatu zizkion Xabierrek: batetik, «lanean jarraitzeko presoen eskubideen defentsan»; eta bestetik, «Bilbon muxu asko eta asko banatzeko». Eta hala egin zuen Garazi alabarekin batera. Biak goizez iritsi ziren Bilbora. Puertora joan ohi diren edo joaten ziren presoen neska-lagunekin elkartu eta bazkaria egin zuten manifestaziora joan baino lehen, elkarrekin egoteko paradatxoa hartuz.

Alegriak lau urte darama Puerto III-n, eta horietatik hiru eta erdi bakartuta eduki dute. Kartzela politikaren adibide bat besterik ez da.

«Ilusioz eta itxaropenez beteta ikusten dugu bai Euskal Herrian eta bai nazioartean ere presoen eskubideen defentsan sortu den dinamika. Horrek nolabait estatuak behartuko ditu beraien legeak betetzera. Baina oinak lurrean ditugu, eta benetan kolosala izateko, auzoz auzo, kalez kale lanean jarraitu behar dugu gure senideak etxeratzeko», nabarmendu zuen Goienetxeak, senideak La Casilla zapi txuriz betetzen ari zirela.

Amaia Sarrionandiaren mutil-laguna ere, Sebas Lasa, Puerto III-n daukate. Ia hiru urte darama bertan. Lehenago, zazpi urte eman zituen Albaceten, beste urte pare bat Almerian... «Beti urrunduta egon da, Madriletik behera. Astebururo bisita eduki dezala saiatzen naiz. Ez naiz gustura sentitzen lortzen ez badut, eta ni neu joaten naiz bisitarik gabe geldi ez dadin. Baina asteburu honetan ez dut halakorik pentsatu, Bilbon egon behar baikenuen. Gatazkaren inguruan mugimendurik egon denean, ea kalea zer moduz dagoen galdetzen dit beti Sebasek. Gaurkoak oxigeno itzela ematen digu, bai senideoi eta bai beraiei ere», adierazi zuen.

«Ez ditugu gure helburuak egun batetik bestera lortuko, baina ziur nago estatu espainola eta frantsesa gaur Bilbora begira daudela, eta manifestazioak zeresana emango duela. Oraingo honetan nazioartea guri begira dago. Itxaropena eta poza sentitzen dut, behingoz argi izpi bat ikusten baita», gaineratu zuen Sarrionandiak.

Egoitz Askasibarrek sentimendu gazi-gozoak zituen atzo. «Halako mobilizazioek senideak elikatzen dituzte, baina, era berean, pena ematen du asteroko komunikazioa galtzea», esan zuen. «Ostiralean hitz egin nuen aitarekin [Txente Askasibar]. Ilusioa zuen, zerbait mugitzen ari dela sumatzen baitute, nahiz eta espetxe barruko eguneroko egoerak onera ez egin. Egun, Salamancan dago eta azkenaldian euskal presoen kontrako hainbat neurri hartu dituzte; esaterako, aurrez aurrekoetara janaria ateratzeko debekua. Horrez gain, astean bi gutun besterik ezin ditu bidali, eta kalean hain xinpleak diren gauzak, laranja bat erostea adibidez, ezinezkoak dira kartzelan. Topasen nahiko hotza egiten du, eta orain arte etxeko izarak sartu ahal izan dizkiogu. Orain, zuzendaritzak kartzelako izara finak besterik ez ditu onartzen, eta horiekin eman beharko du negua. Gauza txikiak dira, baina horien guztien batuketak pertsonak bizi baldintza duinak ez izatea eragiten du», azaldu zuen Askasibarrek. Bere hitzetan, Bilboko hitzordua «oinarri» bat besterik ez da, eta manifestazioarekin bat egin duten eragileei eskatu zien beraien inplikazioa areagotzeko. «Gaur kaleak betetzea dagokigu eta bihar espetxeak hustea», adierazi zuen.

Iritzi berekoa da Jose Cruz Coto. Bere seme Egoitzek bederatzi urte darama preso. Une honetan Granadan daukate. «Hasiera berri baterako bultzada izan behar du. Gauzak nondik joan behar duten badakigu. Estatuak mugitzen ari ez diren arren, bada garaia konponbide prozesu bati hasiera emateko eta horretan zeresana dute preso eta iheslariek, batzuek desagerrarazi nahi badituzte ere». Gainerako senideei bezala, tristura eman zion asteburuan Egoitzek beraiekin, herriarekin, lagunekin duen asteroko «lotura» ez izatea, baina «Bilbon egotea etorkizunerako inbertsioa da».

Handik gertu, Doita Otxoantesanak «legea betetzeko garaia» dela aldarrikatzen zuen. Anaia txikia preso du Poissyn, Estatu frantsesean. «37 urte darama Euskal Herritik kanpo. 19 urterekin alde egin zuen etxetik Francoren garaian soldaduska egiteari uko egin ziolako. Eta geroztik, etxetik kanpo dago. Biarritzen egun pasa zegoela atxilotu zuten duela bederatzi urte», azaldu zuen. Beste anaia bat ere iheslari izan zuen.

«Bakarrik ez gaudela ikusteak indar eta babes handia ematen dit. Hemen dago menperatutako herri bat aske izatea eskatuz», nabarmendu zuen. «75 urteren ostean, sasoia da legea betetzeko eta askatasuna emateko», gaineratu zuen Otxoantesanarekin zihoan senide batek.

Teresa Ruiz de Arbulok semea, alaba eta suhia ditu preso. Azken biak Cadizen; eta semea, Salamancan, duela 26 urtetik preso. «Izugarria izango da espe- txeetara joateari utziko diogun eguna. Zer esango dizut! Ez dago hitzik hori deskribatzeko», nabarmendu zuen.

«Lunbalgia daukat eta ohean egon beharko nuke. Baina ezin nion gaur etortzeari utzi», gaineratu zuen. Gasteizetik bertaratua zen beste ama batzuekin.

Naroa Leonek bost urteko alaba zeraman lepo gainean senideen ilara luzeen artean. Mutila Madrilen du. «Bada garaia hainbeste sufrimendu, neke fisiko, gastu eta bidaia bukatzeko. Horrek asko aldatuko luke egoera. Legeak berak esaten duena bete dezatela besterik ez dugu exijitzen», nabarmendu zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo