GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Eskozia, hain gertu eta hain urrun!

Eskozian gertatzen ari denak independentziaren kontra esan diren eta esaten diren gauza asko bota ditu zakarrontzira. Aurrera doan joera gisa agertzen da estatu berrien egitasmoa

Zer urrun dagoen Kamerun» zioen kantak. Eskozia hurbilago dago Euskal Herritik, geografikoki nahiz historiko eta kulturalki, baina, ziur asko, edonork eginen luke bat nirekin azkenengo asteetan inoiz baino hurbilago jarri dela esanen banu, ezta?

Hurbildu da Eskozia, edo Eskoziara hurbildu gara, munduko kartak aldatu ez badira ere. Independentziarako lasterketan lehen mailan jarri zaizkigu eskoziarrak, herri kontsultarako data eta galdera mahaigaineratuz.

Britainiar Gobernuak ez du begi onez ikusi Eskoziaren ibilbidea, baina ez ditu tankeak bidaliko. Izan ere, Britainia Handia ez da Espainia. Ez gaizki ulertu. Ez ditut nik demokrata eredugarritzat joko historiako inperio zital eta kriminalaren egileen ondorengoak. Munduan oraingoz ere nola dabiltzan aintzat hartuz gero, ez genuke halakorik esanen.

Eskoziari begira, berriz, bestelako joera atzematen da. Espainiar eta frantziarrek gurekiko hartzea nahiko genukeena, egia esan. Ederki dakite eskoziarrek oztopo handiak jarriko dizkietela bidean, orain arte bezala. Baina oztopo horiek ez dira, inondik inora, gure aurrean agertzen direnak.

Euskal herritarrok, katalanek bezala, nazionalismo itxi eta erasokorren historian leku berezia merezi dutenak ditugu aurrean. Nazionalismoaren ukapenean oinarritzen diren nazionalismoak dira: konstituzionalismoa edota balore unibertsal errepublikarren ikuspegitik, gu gara nazionalistak, ez haiek.

Analista batzuek aipatu dutenez, Britainia Handian, Ingalaterra Ingalaterra izanen da, eskoziarrek independentziaren bidea hartuta ere. Berdina esanen genuke Espainiari buruz?

Euskal herritarrok, katalanek bezala, arazo larria dugu lurraldetasunaren inguruan. Eskoziaren mugak ez daude eztabaidaren erdian, gureak bai, berriz. Kolokan daude, kanpotik nahiz barrutik begiratuta. Eskozian ez bezala, zatituta dagoen subjektua osatu eta indartu behar dugu euskal herritarrok eta katalanek, beste urratsik eman aurretik. Irlandaren ibilbideak erakusten dizkigu, ez dezagun ahantz, subjektuaren zatiketa onartzearen arriskuak.

Gauzak honela, Eskozian gertatzen dena arretaz jarraitu behar genukeelakoan nago, bide polita eta emankorra delako, baina mimetismoaren putzuan ito gabe. Munduko gauzarik errazena litzateke paper bat hartu eta independentziarako ibilbide orria idaztea. Erraz bilatuko genuke herri kontsultarako igande eder bat, ezta? Eta galdera formulatzea ez litzateke sobera zaila izanen, beharbada. Baina, horretan gaude? Benetan uste dugu independentziaren atarira iritsi garela?

Bidea egin behar da, berriz, eta horretarako geure eredua behar dugu, egunerokotasunean idatzi behar dena, subjektuaren osaketari erreparatuz eta gehiengoa lortzeko erronkari eutsiz.

Eskozian gertatzen ari denak independentziaren kontra esan diren eta esaten diren gauza asko bota ditu zakarrontzira. Aurrera doan joera gisa agertzen da estatu berrien egitasmoa. Oztopoak handiak dira ostera, eta ez daude soilik mundu edota espainiar eta frantziar botereetan. Gure artean, herritarron artean ere badugu lana. Egin dezagun, merezi du eta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo