GARA > Idatzia > Kultura

HAUR LITERATURA

Otso umoretsua

p049_f01.jpg

Asun AGIRIANO

Mario Ramos (Brusela, 1958) egilearen eskutik otso xelebreak, dibertigarriak eta umoretsuak ezagutzen gabiltza. Lehenengo indartsuena izan zen (Tarttalo, 2006); gero, ederrena (Ttarttalo, 2008); eta, orain, azkarrena aurkezten digu. Otsoa eta Txanogorritxo aski ezagunak dira haur txikien artean, amonaren etxean otordu ederra egingo duen kontua ere ohikoa da, baina otsoa amonaren kamisoi arrosaz jantzi eta basoan zehar galduta ikustea egoera berria da irakurleentzat, eta hortik suertatuko diren enkontruak eta gaizki-ulertuak guztiz barregarriak. Ez zaio otsoari bere asmoak betetzea erraza egingo! Ez horixe!

Beldurra eta irribarrea tartekatzen maisua da Mario Ramos. Liburuetan beti eskaintzen digu ikuspuntu berriren bat; hiruko honetan, umorearen bitartez, ipuin klasikoei koska bat estuago eginez. Basoan otsoa pertsonaia ezagunekin elkartzen da, ehiztari inozoa, hartz familia, hiru txerrikumeak, zazpi ipotxak eta abar. Guztietan ere, errepikapenaren bidez, egoera sinple eta ezagunak erabiliz, egileak irakurlearen konplizitatea bilatzen du, egoera xelebreak ipuinetan zehar txertatuz, irribarrea ezpainetan jartzea helburu.

Irakurlea otsoarekin identifikatuta sentituko da; izan ere, nork ez du noizbait pentsatu ederrena edo azkarrena denik? Horrela izanik ere, kontakizunean otsoa ez da ez azkarrena ez ederrena izango, gertatzen zaizkion pasadizoen ondorioz, irrigarri bilakatuko baita. Idazle eta ilustratzaileak irakurlea bidaide argitzat du, eta berak ere, haurrarekin batera, barre gustura egiten du. Horregatik dira Mario Ramosen ipuinak dibertigarriak, ez dituelako ipuin klasikoak serio hartzen, ikuspuntu umoretsuaren estrategia eskaintzen digu eta lehendik ezaguna genuena aldatu. Horixe da umorearen boterea, hau da, arauak hankaz gora jartzeko gaitasuna, eta hori umeek izugarri atsegin dute: helduon ordena eta bertsio ofiziala aldatzea, sabotaje txikiak gauzatuz.

Ipuinotan otsoak biziak eta oso adierazgarriak dira, zertzelada sendo eta irmoz marraztutakoak. Mario Ramosek erakusten dizkigun otsoek beldurra ere ematen dute, baina autoreak ipuin klasikoen aurrean erlatibismo alaia azaltzen du, eta hori da, hain zuzen ere, haur literaturaren munduan egile honek duen indarra. Liburu aipagarri gehiago ere baditu, «Hiru txerrien txerrikeriak», adibidez, eta are gehiago euskaratu gabe.

Klasikoetatik edaten duen ipuin hau kontatu baino lehen, hobe da haurrek jatorrizko bertsioa ezagutzea, bestela nahasmena sor daiteke, eta, barrea sortu beharrean, korapiloa eragin lezake. Umeek ez dute umorea harrapatuko, eta helduek iruzurra egin diela sentituko dute. Bost urtetik aurrerakoentzat izan daiteke gomendagarria, orduan, ezohiko egoera zentzugabeak ikusten dituztenean, barre egiten baitute. Helduoi begira, «barre egiteak -dio Umberto Ecok- pertsona egiten gaitu, txantxetan egiten dakien espezie bakarra gara, horrexek libratzen gaitu heriotzaren ideia jasanezinetik». Victor Hugok, berriz, zioen «barreak negua aurpegitik uxatzen digula». Izan ere, umorea proposamen serioa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo