Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Szymborska hil da
Wislawa Szymborskak utzi gaitu. 88 urte zituela hil zen asteazkenean, azken urteetan biriki minbiziaren kontra zeraman borroka galdu ostean. Mendebaldean ez da gertakariari gutxienez tarte txiki bat eskaini ez dion komunikabiderik. Seinale ona da hori; merezi zuen Szymborskak, bere lanagatik eta haren bitartez defendatu zituen balioengatik. Esaten dutenez, jaioterrian, Polonian, jende arruntak buruz dakiela haren «Katua apartamentu huts batean» poema. Guk, haiek bezala, faltan botako dugu poeta.
Baina zalaparta mediatikoaren erdian, bada arreta deitu didan kontu bat. Poetaren heriotzaren berri emateko orduan, ez batek, ez bik, baizik eta komunikabide dezentek norbaitekin konparatzen dute Szymborska, zenagatik baloratua izatea mereziko ez balu bezala edo, beste modu batera esanda, bere maisutasuna konparazio bat eginda bakarrik ulertu ahal balitz bezala. «Poesiaren Mozarta», azaltzen da titular batean, «baina Beethovenen amorru ukituarekin». Kanona gizonezkoek osatzen dutenez, emakume baten lorpenak gizonek egindakoarekin erkatuta soilik neurtu daiteke, jakina. Beste titular batean, «munduko poesiaren Greta Garbo». Hara, oraingoan emakume bat azaltzen zaigu, Hollywooden arrakasta lorturiko aktorea hain zuzen. Konparazio arraroa, ezta? Greta Garbo aktore ona zen, baina ederra eta bere filmetan gizonekiko gupidagabea izateagatik gogoratzen dute askok. Zer kasualitatea, generoa nonbaitetik atera behar izatea. Beste titular batzuetan, Nobel saria aipatzen dute, erabakiak sortu zuen zalaparta. Poema gutxi idatzita omen halako saria jasotzeko.
Mundu txikia da gurea, Szymborskak adierazi bezala.