Karmele Aierbe eta Inazio Agirre Ezker abertzaleko kideak
Igandean, Sartagudara
Eskandalua da, ez Lodosako gurasoentzat edo Euskal Herriko euskaldunentzat bakarrik, Europa eta gizateria osoarentzat baizik, giza espezieak sortu duen kultur eta hizkuntz aniztasuna suntsitzen baitute
Une oso larria da Lodosako Ibaialde ikastolarentzat. Egoera ekonomiko zailak anitz estutu ditu gurasoak eta langileak. 53 familiak osatzen dute eskola, eta eskualde osoko 73 ikasle dituzte. Bederatzi irakasle eta idazkaria daude lantaldean, eta horietako bakar batek ere ez du jaso azken lau hilabeteotan jaso beharreko soldata osoa. Horietako lauzpabost, gainera, esku hutsik gelditu dira. Horien lanpostuak hitzartuta ez daudenez, sosik ez dute kobratu.
Gurasoak egiten ari diren ahalegina ere ez da makala. Jantokia gurasoek ordaintzen dute. Hemezortzi hilabete eta 12 urte bitarteko neska-mutikoak hartzen ditu ikastolak. 12 urte betetzen dituztenean, Lizarrako ikastolan jarraitzen dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak. Bidaia gurasoek ordaintzen dute. UPN-PP eta PSNk seme-alabei euskarazko hezkuntza ematea eragozten diete, oztopo guztiak ezarriz.
Baina Ibaialde ikastola ezin da itxi, eta etorkizunean jarraituko du denon laguntzarekin, auzolanean. Lingua navarrorum Euskal Herriaren ardatza da historia aurretik Pirinioen bi aldeetan. Eta Euskal Herri osoa da euskararen eremu naturala; euskara berrezartzeko lurraldea.
Madrilen espainiera eta Parisen frantsesa ikastea doakoak dira. Baina Euskal Herrian doako euskarazko irakaskuntza publikoa ez dute bermatzen bere lurralde osoan eta kalitatezko ikastolei mugak jartzen dizkiete. Trataera diskriminatzailea da: espainiera eta frantsesa euskararen gainean inposatzea, euskararen ordezkatze historikoa jarraitzea, euskara berrezartzeko kalte ordaina ukatzea, egoera txikitua irautea, euskararen herria itotzea.
Sistematikoki eragozten dira lingua navarrorumen aldeko ahaleginak. Estatuek euskarak ez duela etorkizunik zabaldu nahi dute iritzi publikoan. 1512ko konkistaren ondoren inposatutako asimilazioa betirako dela aditzera eman nahi dute. Horren aurrean, ezker abertzaleak hizkuntzen arteko hierarkia ezabatzea, hizkuntz trataera bera bideratzea eta hizkuntz eskubideak errespetatzea eskatzen du.
Arazoa ez da Nafarroako Erriberako gurasoena bakarrik, euskararen herri osoarena baizik. Euskaldunen hizkuntz eskubide pertso- nalak eta kolektiboak ukatzen, mugatzen eta desberdintzen dituzte legez eta zonifikazioaren bidez. Euskaraz bizi nahi dugun nafarrok bigarren mailako herri- tarrak gara, «arrotzak» geure herrian. Eskandalua da, ez Lodosako gurasoentzat edo Euskal Herriko euskaldunentzat bakarrik, Europa eta gizateria osoarentzat baizik, giza espezieak sortu duen kultur eta hizkuntz aniztasuna suntsitzen baitute.
Euskara ezagutu beharra unibertsalizatzea derrigorrezko neurria da euskararen erabilera orokortzeko. Hizkuntza ezagutzea ezinbestekoa baita erabili ahal izateko eta beste euskaldunen erabilera ez eragozteko.
Hizkuntzek irauteko beharrezkoak izan behar dute; eta beharrezko izateko, hizkuntz komunitate bakoitzak gai izan behar du bere hizkuntza propioa beharrezko egiten.
Horrenbestez, derrigorrezkoa da euskalgintza saretzea eta efizientzia soziolinguistikoa bilatzea euskaraz bizitzeko, euskarazko produktuak aukeratzeko; erakundeak presionatzea, arauak eta inbertsioak egin ditzaten euskararen herria berrezartzeko. Hiz- kuntz politika burujabea egiteko ahalmena eta ahalbidea behar dugu Euskal Herri osoan, estatuen esku sartzerik gabe.
Baina hori lortzen ari garen bitartean, nazio eraikuntza euskaratik eta euskaraz egitea eta eraso guztiei erantzutea dagokigu. Ezker abertzaleak Sartagudara dei egiten die biharko, otsailak 5, euskararen alde dauden guztiei, elkartasun festara eta laguntza ekonomikoa ematera duintasunez borrokan ari diren guraso eta euskaltzaleei. Sartaguda, Lodosa eta Andosilla parte hartzen ari dira festa prestatzeko lanetan. Ondo pasa. Etorkizuna euskaraz dator.