Berandu da Peltierrekin justizia egiteko. Gaur, bidegabekeriaren bukaera ozen eskatzeko eguna
Leonard Peltier Ipar Amerikako preso politiko indiarrak kartzelan bete dituen 36 urteak bidegabekeria ikaragarri baten erakusgarri dira. Peltierren delitua AEBetako indigenen askatasunaren aldeko militante izatea da, eta 31 urte zituela, tiroketa batean indigena bat eta FBIko agente bi hilda gertatu ziren erreserban egon izana. Indigenaren heriotza ez zuten inoiz ikertu, baina agenteena Peltierri egotzi zioten eta irregulartasunez betetako epaiketa batean, presiopeko lekuko baten deklarazioa -gero ukatu egin zuena- «froga» bakarra zela, betiko kartzela-zigor bi ezarri zizkioten. Peltierrek 67 urte eta hainbat gaixotasun larri ditu; hala ere, «justiziaren» izenean, disidentziaren jardun politikoa zigortzen duen sistema diskriminatzaileak mendeku jarrerari eusten dio. AEBetan eta mundu osoan hainbat erakunde, giza eskubideen aldeko elkarte eta pertsona ospetsuk Peltier aske uzteko eskatu izan dute, eta gaur are ozenago eskatuko dute, Leonard Peltierrenganako nazioarteko elkartasun eguna deitu dute eta. Dagoeneko oso berandu da justizia egiteko, baina bidegabekeria hori etetea gutxien-gutxieneko eskakizuna da. Hori bukatzea AEBetako presidente Barack Obamaren eskuetan dago.