Sustoa Usurbilen, gizonezko batek banketxe batean bi lagun bi orduz bahitu ostean
Goizeko hamarrak aldera piztu ziren alarmak. Gizonezko bat Usurbilgo Nafarroako Rural Kutxan sartu eta bi pertsona bahitu zituen, pistola simulatu batekin eta aurpegia estalita. Pare bat ordura, Ertzaintzarekin hitz egin ostean bere burua entregatu zuen.
GARA | USURBIL
Tentsio handiko goiza izan zen atzokoa Usurbilgo Nafarroako Rural Kutxan, Zubiaurrenea kalean. Goizeko hamarrak aldera piztu ziren alarmak; alarma zentro batetik lapurretaren berri eman zioten Ertzaintzari, Lakuako Barne Sailak aditzera eman zuenez.
42 urteko gizon batek, jaiotzez Usurbilgoa ez izan arren bertan senideak dituena, itxurazko pistola batez eta aurpegia estalita zuela, bi pertsona bahituta izan zituen, bankuko langilea eta bezero bat hain zuzen ere, eta bainugelan sartzera derrigortu zituen.
Ertzaintzak kalea eta ingurua itxita eduki zituen. Bahitzaileari bere ekintzen berri bazutela jakinarazi ziotenean, gizona Ertzaintzarekin negoziatzeko prest agertu zen.
Orduan, gizona sukurtsaletik atera zen arma entregatzeko eta orduan atxilotu zuen Ertzaintzak. Bainugelan ziren bi bahituak askatu ostean, bahitzailea komisariara eraman zuten epailearen erabakiaren esku uzteko. Pare bat ordu inguru iraun zuen bahiketak eta zauriturik izan ez bazen ere, bankuko langilea ospitalera eraman zuten, oso urduri baitzegoen. Gizona aurretik espetxean egona da.
Usurbilgo alkate Mertxe Aizpuruak Gipuzkoako Aldundian bilera batean zegoela jakin zuen albistea. Berehala gerturatu zen Usurbilera eta bertaratutako komunikabideei azaldu zien gizonak pistola simulatua zuela eta sukurtsal barruan billeteak erre zituela.
Bulegoko zuzendariak azaldu zuen bera beste lankide batekin sukurtsaletik kanpo zegoela gertaera jazo zenean eta albistearen berri izan bezain laster «korrika» itzuli zirela. Ordurako, ordea, Ertzaintza iritsita zegoen eta «segurtasunagatik» gatazka konpondu arte ez zietela sartzen utzi azaldu zuen. Ezbeharra amaitutakoan Ertzaintzak sartzen utzi zion eta bulegoa erabat nahastuta eta aulkiak botata zeudela kontatu zuen. Gainera, bahitutako lankidea oso urduri zegoela-eta lasaitzen ahalegindu zela gehitu zuen.
Bahitzaleak bi pertsona atxiki zituen, sukurtsaleko langilea bata eta bezeroa bestea. Ez zen zauriturik izan, baina banku-langilea ospitalera eraman behar izan zuten, oso urduri zegoela-eta.