Buruz Buruko Txapelketa unerik onenera iristera doa
J.L.
Asteburu garrantzitsua izango da Berezkoen Buruz Buruko Txapelketan, gaur eta bihar jokatuko baitira final-laurdenak, eta askoren ustez faborito diren bi pilotariak, Kurutxari eta Waltari, lehian hasiko baitira.
17.00etatik aurrera aitzineko partidak jokatuko dira gaur Donapaleun. Lehen kanporaketan, Kurutxari eta Etxeberri neurtuko dira. Anddek ezin du hutsik egin. Superprestigioa irabazita dator, indarrez gainezka, eta garaipen hori kasualitatea ez zela izan erakusten saiatuko da zale guztiei. Etxeberrik, berriz, jadanik bi kanporaketa gainditu ditu, eta eginbeharrak eginda dator.
Ondorengo neurketan Harizmendi eta Ozafrain neurtuko dira. Partida orekatuagoa ikusten da. Bankako beteranoa kanporaketa bat gaindituta dator, eta Harizmendik, berriz, lehen partida izango du. Bi irabazleak elkarren aurka neurtuko dira finalerdietan.
Bihar, Arrangoitzen, 16.00etatik aurrera beste bi kanporaketak jokatuko dira. Lehenengoan Waltari Alfaroren aurka lehiatuko da. Kubatarrak ez luke finalerdietarako txartela eskuratzeko inongo arazorik izan behar. Alfarok, berriz, galtzeko ez du ezer izango, eta irabazteko, berriz asko. Final-laurdenetako azkeneko kanporaketan, berriz, Ezkurra II.a eta Bonebeltxe neurtuko dira. Paxkal, ongi dagoela, faborito da. Iaz ez zuen denboraldi ona egin, baina udatik hona oso neurketa onak egin ditu. Badirudi Urruñakoak erabat baztertu duela bere bolada txarra, eta berriro ere pozak ematen hasteko moduan dela.
Partida hori irabazten badu, eta Waltarik berea, datorren astean neurtuko dira finalerdietan, eta zaleek badute bien arteko neurketa ikusteko gogoa, azken urte hauetako bi onenak izan baitira.
Bi finalerdiak otsailaren 12an jokatuko dira, eta Baionako modernen izango dira biak, 16.00etan hasita. Finala ere leku berean jokatuko da.