GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Errekor saiakera

Izetatarrek 125 aldiz jaso dute pisu bereko koadroa, marka handia eginda

Aita-semeek lan guztiak burutzeko 10 minutu eta 14 segundo behar izan zituzten, eta amaieran txalo zaparrada handia entzun behar izan zuten.

p044_f01_148x104.jpg

Jon LEUNDA

Izeta II.ak eta Izeta IV.ak helburua bete zuten atzo, 125 kiloko harri errektangularra 125 aldiz bizkarrean berdindu ostean. Lanak burutzeko 10 minutu eta 14 segundo behar izan zituzten.

Normalean sekulako jendetza izaten da Abadiñon San Blas egunean, eta eguerdiko herri kirol jaialdirako probalekua gainezka egoten da. Atzoko eguraldiak atzera jende asko bota zuen, baina sarrera bikaina izan zen marka saiakera ikusteko. Aiako aita-semeek egindako lana, berriz, izugarrizkoa izan zen. Izeta II.ak oraindik sasoi bikainean jarraitzen du, eta semea ere jadanik maila onean ari da lanean. Amaieran ongi merezitako txaloak jaso zituzten.

Jendea aho zabalik uzten ari den beste harri-jasotzailea Urdax Magunazelaia da. 14 urteko gazte honek atzo beste marka pertsonal bat egin zuen 175 kiloko harri errektangularra bost minutuan bi aldiz jasota. Sekulako indarrean datorren harri-jasotzailea da bizkaitarra, eta oraingoz itxura ezin hobea dakar, nahiz eta duen adina kontutan hartuta denbora eman beharko zaion oraindik ere.

Atzo ez zuen, gainera, batere hasiera erraza izan. Lehen jasoaldia ustela atera zitzaion, eta hutsetik hasi behar izan zuen. Marka saiakeretan lehen ahalegina ustela izatea oso arriskutsua izaten da, baina honek ez zuen kikildu, eta lanean jarraitu zuen bere helburua lortu arte, eta amaieran bi jasoaldi on emateko modua egin zuen. plazagizona dela erakutsiz.

Urrezko Aizkora

Urrezko Aizkoran gaur jakingo da Binakako Txapelketako finalerdietan arituko den laugarren bikotea zein izango den, final-laurdenetako azkeneko kanporaketa jokatuko baita gaur 18.30etik aurrera Dulantziko pilotalekuan. Alde batetik, Aitzol Atutxa eta Iñaki Azurmendi arituko dira, eta bestetik, berriz, Ohian eta Donato Larretxea.

Kanporaketa estua aurreikusten da. Gipuzkoarra eta bizkaitarra egungo txapeldunak dira, baina aurten jokatu zuten neurketan ez zuten egun ona izan, eta horrek zalantza batzuk piztu zituen zaleen artean.

Bestetik, berriz, Donato Larretxeak ez zuen parte hartzerik izan aurreko kanporaketan, min hartuta zegoelako, eta bere ordez aritu zen Felix Etxeberria. Pentsatzekoa da Donato jadanik ongi dagoela, baina horrek berak ere zaleen artean nolabaiteko zalantza batzuk piztu ditu. Dena dela, gaur ez dute beste aukerarik izango. Galtzen duenak etxerako bidea hartu beharko du, eta irabazten duenak, berriz, finalerdiak jokatuko ditu.

Aurreko probetan bezalaxe, sei neurketa ezberdin egin beharko dituzte, eta denetako denborak batu eta onena duenak egingo du aurrerako bidea.

Gaur Zilarrezko Mailako kanporaketa bat ere jokatuko da Dulantzin, Urrezko Aizkorakoarekin batera. Jauregi eta Zubiaga Irazabalen eta Kañamares III.aren aurka neurtuko dira. Lehia honek ere ikusmin handia piztu du, laster izango baitu Kañamares III.ak aizkora apustua, eta ordurako sasoi betean ote dagoen ikusi nahi du jendeak, nahiz eta apustuko lanak gaurkoarekin zerikusi handirik ez duen izango.

Biharko neurketa, berriz, Legution jokatuko da 12.00etatik aurrera, eta Zilarrezko Mailako kanporaketa izango da. Nafarren eta segoviarren arteko lehia izango da. Alde batetik, Erdozia eta Beltza lehiatuko dira, eta bestetik, Juan eta Juanillo Rodriguez, aita-semeak, Espinar herrikoak.

Kanporaketa horrek ere oso orekatua dirudi, laurak nahiko maila bertsua baitute. Segoviarrak gogoz etortzen dira Euskal Herrira, eurek ere maila badutela erakutsi nahian, eta saiatuko dira nafarrak estu hartzen. Berez, Erdoziak markatu beharko lituzke ezberdintasunak, baina ikusi beharko da gainerako hirurek ere zer nolako lana egiten duten saioan zehar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo