GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Berben esangura

Dominak unionistek janzten zituzten gizartearen aurrean. Baina lan gehien egiten zutenak abertzale irlandarrak ziren. Eta herriak hori ere ikusten zuen, guztia ikusten du-eta

Egigurenek euskal konstituzioaz egin du berba, oker ez banabil. Hori irakurri nion tabernetan berandu datorrenari itxaroteko ipintzen dituzten berripaper horietako batean. Baina erra nezake, flexiguren jaunak sekula ez baitu arazorik izan gaur hau eta bihar bestea esateko. Arrautza eta oiloarena aspaldi konpondu genuen. Dinosauroek erruten zuten, eta orduan ez zegoen oilorik. Baina politikoak ala demagogia... Urkullu jaunak 2015 aipatu du maia eta egiptoarrek 2012 oihukatu zuten indar berarekin. Estatu espainiarrarekiko harremana berrikusi eta Euskadi Europan egongo den urte apokaliptikoa. Nik, etnografo legez, kontrakoa uste dut, Europa bera, nonbait egotekotan, Euskararen Herrian dagoela. Hori azaltzen, ordea, Donostia Kultura Hiriburuko batzordeari utziko diogu.

Francok energiaren propietate nagusia politikara eraman zuenetik, «faxismoa ez da desagertzen, transformatu egiten da», behin eta berriz eskatu die ezker abertzaleak gainerako sentsibilitateei euren etorkizuneko proiektua definitzeko. Ba, presoak inoizko baldintza gogorrenetan daude, baina EAJ eta PSEko buruek data eta izen juridikoa ipini dizkiote hamarkadetako borroka latzaren uztari. Egigurenena independentismoaren garaipen historikoa litzateke, beteko balitz. Baina ezkertiar ikuspe- gi zein estatistika ekonomikoei begira, euskal gizartearen bizitza kalitatea ahalik eta gutxien kaltetzeko irtenbide bakarra da. Pragmatismo politikoa, sinboloekiko fideltasunaren gainetik. Beste batzuek urteetan egin ei dutena, baina norabide egokian; hau da, botoa eman dien hiritarraren interesen aldekoa.

EAJk beste behin ere egin du beste inork egiteko ausardiarik ez duena: data jarri. Espainian desfibriladore salmentek goia jotzen dute, Alderdiaren barne kohesioaren termometroa da eta gizartearen aurrean sinesgarritasuna irabazten du. Aurrekoan, inposaketa espainiarra desgastatu zuten Ibarretxeren Madrileratze heroikoaren bidez, baina oraingoan, baloia gure teilatu gainean egongo da. Eurek data jarri dute, Estatuarekin itun ekonomiko aberasgarriago bat lotuko dute, eta hortik gorako enkantea ezker abertzalearen esku utziko dute. Ezer lortuko balitz, Ibarretxe Plan berriaren baitan errentabilizatzeko. Eta lortuko ez dena, ez inplikatzeagatik kakaztu duguna izango da. Data ipinita dago.

Euskal politologoaren Vade Mecum-ak, kasu horretarako honakoa dakar: «Elkar desgastatuko dute eta abertzalego osoa proiektu baten inguruan batzea ezinezko bihurtuko dute. Ondorioz, ez da bilduko estatuaren mugak gainditzeko behar besteko indar sozial eta politikorik».

Sinn Feineko lagun baten elkarrizketa gogoratzen dut. Gobernua partekatzen zuten unionista erradikalekin, eta gutxiengoan zeuden. Dominak unionistek janzten zituzten gizartearen aurrean. Lan gehien egiten zutenak, ordea, abertzale irlandarrak ziren. Eta herriak hori ere ikusi zuen, guztia ikusten du eta.

Garaia da noren banderapean gabiltzan ahaztu eta herri bezala zer irabaz dezakegun planteatzeko. Ni prest nago 2015ean 36koen sigla berberen banderapean borrokatzeko. Horrek ezin du traba izan. Baina argitu dezagun «abertzale» eta «euskal konstituzio» berben esangura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo