GARA > Idatzia > Mundua

Kosovo askearen aurka erreferenduma antolatu dute iparraldeko serbiarrek

Kosovoko instituzioak onartu ala ez bozkatzen ari dira Kosovo iparraldeko serbiarrak erreferendum baten bitartez. Ekimen honek arriskuan jartzen ditu bi herrialdeen arteko elkarrizketen bilakabidea eta Serbiak Europar Batasunean sartzeko duen asmoa.

p023_f01-148x108.jpg

GARA | MITROVICA

Kosovoar Gobernua onartzen duten ala ez bozkatzen ari dira herrialdearen iparraldean bizi diren serbiarrak, atzo eta gaur izandako erreferendumaren bidez. 2008an Kosovo Estatu independente bilakatu zenetik, iparraldeko serbiarrek ez dute Pristinako Gobernua onartu.

Bozketaren emaitza otsailaren 19an jakinaraziko dute, baina aurreikuspenak betez gero, ezezko borobila izango da «Kosovoko Errepublika deritzonaren instituzioak onartzen al dituzu?» galderak jasoko duen erantzuna. Mitrovica, Zvecan, Zubin Potok eta Leposavic herrietako 35.000 hauteslek parte hartuko dute.

Erreferenduma ez da loteslea eta ez du Belgraden babesik. Iazko udaran Kosovo iparraldean tentsioak gora egin ostean iragarri zuten.

Serbiako agintariek halakorik ez egiteko gomendatu zuten, bi herrialdeen arteko elkarrizketa prozesua kaltetu egin zezakeela-koan, eta ondorioz, Serbiak Europar Batasunean sartzeko duen asmoa ere bai. Izan ere, Kosovoren eta Serbiaren arteko harremanak ondo bideratzea ezinbesteko baldintza da, EBk Serbia kidetzat onartzeko. Aukera hori abenduan ukatu zioten jada, Kosovo iparraldean agerikoa zen krisiaren eta indarkeria egoeraren ondorioz.

Borislav Stefanovic-ek, bi herrialdeon arteko elkarrizketan Serbia ordezkatzen duenak, erreferenduma ez dela zentzuzkoa adierazi zuen, eta «Konstituzioaren aurkakoa» dela. Bere gaitzespena agertu zuen.

Boris Tadic Serbiako presidenteak ere Konstituzioaren kontrakoa dela esan zuen, eta «krisia areagotzeko» baino ez duela balio izango.

Mitrovicako alkate Krstimir Pantic-ek, ordea, euren etxea eta «serbiar Estatua, Kosovon» defendatzen ari direla ziurtatu zuen, kontrako iritzien aurrean -antolatzaileetako bat da bera-.

Kosovoren independentziaren laugarren urteurrena beteko den astean bertan egin dute erreferenduma, hain zuzen, ostiralean, otsailak 17, ospatuko baitute kosovoarrek egun hori.

Iazko uztailean Kosovoko Segurtasun Indarrak, EBko misio polizialak (Eulex) eta NATOko bake indarrak Kosovo iparraldeko bi muga-postu hartzen saiatu ziren, baina bertan bizi diren serbiarrek barrikadak jarri eta ekintza eragozten ahalegindu ziren. Ondorioz, asteetan iraun zuten istiluetan polizia kosovoar-albaniar bat hil zen.

Serbiak 1999an galdu zuen Kosovoren gaineko kontrola.

serbiarrak

Kosovok bi milioi biztanle ditu. Horietatik 120.000 (%8) serbiarrak dira eta horien artean 40.000 iparraldean bizi dira. Hegoaldean dauden serbiarrek ez dute erreferendumean parte hartuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo