GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Euskal Memoriaren lan berria

Euskal Herriak sufritutako tortura gogoan, etorkizuna eraikitzeko

Eibarko Portalea kultur etxean memoria historikoaz bai eta gaurkoaz ere hitz egin zen. Euskal Memoria fundazioak aurten Euskal Herrian azkenengo 50 urteetan torturatutakoen behin betiko errolda egingo duela iragarria du, eta ez da erraza izango, «arrasto sakona utzi baitu, batzuek tortura bera ukatzeraino ere».

p013_f01.jpg

Mikel PASTOR

Memoria historikoa izan zuten hizpide astelehenean Eibarko Portalea kultur etxean. Ekitaldi aretoa leporaino beteta zegoen, publiko horren gehiengoa nagusia izanik. Aspaldiko eta gaurko torturak, esperientzia latzak eta sufrimendua hari finez josi zituzten atzokoan, sentimenduak eta oroitzapenak nahastuta.

Euskal Memoriak urtero egiten duen lan monografikoak aurten ze gai jorratuko duen jakinarazi zuten atzo. Aurreko urteetan frankismoaren metodoen eta bizipenen edota Estatu espainolak eta frantsesak sortutako biktimen gaineko lanak egin dituzte, eta aurten tortura izango dute jomuga.

Monografiko horren nondik norakoez aritu ziren Arantza Erasun, Euskal Memoriako kidea, eta Julen Arzuaga, abokatua eta Giza Eskubideen Behatokiko kidea. «Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian» izenburupean, hitzaldia eman zuten.

Erasunek torturaren gaia jorratzeko arrazoiak azaldu zituen lehendabizi. Bere aburuz, «sektore oso baten kontra» burututako ekintza izan da «urte askotan zehar» eta orbain «kolektibo zein indibidualak» utzi dituena.

«Arrasto sakon» horrek, Erasunen ustez, «oinatz ahaztezina utzi du euskal gizartearen memoria kolektiboan». Tortura «sistematiko» horiek, «beldurra, panikoa» eragin dute jasan dutenen artean, «batzuek tortura bera ukatzeraino ere».

Hori dela-eta, Erasunek Euskal Memoriak gauzatu nahi duen torturatuen errolda funtsezkoa dela esan zuen, «alde batetik, historiaren kontaketa osatzen lagunduko duelako, eta bestetik, isilean egon diren torturatu askoren ahotsaren bozgorailu izango delako».

Halere, martxan jarriko den errolda horretan, zenbaki hotz eta gordinei baino, «bizipenei, ahotsei» eman nahi diete garrantzia; hau da, torturatuko pertsonengan «ze ondorio utzi dituen, gehienetan arrasto ukaezina uzten duelako torturatuaren barnean», baieztatu zuen Euskal Memoriako kideak.

Bere saioa amaitzeko, gaur egungo egoeraz ere hitz egin zuen Erasunek. Bere iritziz, Lakuako Gobernua «errealitatea, herri honetan gertatu dena, euskal gizarteari oso modu partzialean transmititzen saiatzen ari da»; hortaz, «10.000 lagun torturatuak izan direla jakinarazi, ezaguratazi behar diogu euskal gizarteari», modu honetan, kontaketa «osoagoa, egiatik gertukoagoa» egin ahal izateko.

«Herri duintasuna jokoan»

Giza Eskubideen Behatokiko Julen Arzuagak La Polla Records talde arabarraren «La Tortura» abestiaren hitzak erabili zituen torturatuen egoera latzak islatzeko: «Te han llevado sin que nadie lo sepa, aquí empezará tu viaje. Vas a conocer un nuevo mundo profundo» .

Arzuagaren aburuz, Evaristoren hitzek «ederki asko» islatzen dute «tortura zer den. Bidaia da, infernurako bidaia, kolektiboa zein indibiduala».

Datuen garrantzia nabarmendu zuen, halaber, «ilustratzeko funtsezkoak» direla esanda. Alde horretatik, datuek «errealitatea nolabait islatu ahal izateko» kopuru «monstruosoan» bilatu behar direla adierazi zuen.

Hari horri tiraka, kasu honetan, «monstruoso» adjektiboak bi zentzu hartzen dituela zehaztu zuen; alde batetik, «bildu ditugun testigantza mordoa, orain arte existitzen ez zirenak» eta, bestetik, testigantza horietan gertatutako «basakeria eta ekintza gordinak».

Euskal Memoriarekin batera landuko duen testuan «tortura» hitza akotatu behar izan dutela ere azaldu zuen. Monografikoan «inkomunikazio egoeran izandako torturak» soilik agertzen dira, gerra zikina eta antzekoak alboratuta.

Torturaren «bizipenak, ondorioak, nolabait islatzea» dira abokatuaren helburuak. Aitortu zuenez, berak torturak jasan ez arren, torturaren «giza ondorioak eta utzitako arrastoei buruz» idazten saiatuko dela nabarmendu zuen. «Hori da aurrean daukadan erronka».

Torturaren bilakaeraren ibilbide historikoa egin zuen Arzuagak. Frankismo garaiko «inpunitatea», 8oko hamarkadako «tortura ezkutatzeko esfortzuak», eta azkenik, 90eko hamarkadatik gaur egunera arte erabilitako «tortura metodo berriak, ezkutukoak» izan zituen hizpide.

Azalpen horiek amaitzeko, Julen Arzuagak «torturaren harresia pitzatzeko» egin beharreko ahaleginak azpimarratu zituen azken esaldi batekin: «Ezin dugu tortura eta torturatuak ahaztu, herri duintasuna jokoan dagoelako».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo