GARA > Idatzia > Kultura

Fredi Paiak eta Pedro Zabalzak jaso dute Cafe Bar Bilbao teatro laburreko saria

p051_f01_97x92.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Antzerkiko gidoigintzari bultzada emateko asmoz bederatzigarren urtea bete duen Cafe Bar Bilbao teatro laburreko saria jaso zuten atzo aurtengo irabazleek. Euskarazko saria, 1.400 euro, Fredi Paiarentzat izan da «Hartu ez nuen deia» lanagatik; gaztelaniazkoa, berriz, 1.200 euro, Pedro Zabalzarentzat, «Ochomil» obragatik. Guztira 30 lan aurkeztu dira gaztelaniaz eta sei euskaraz.

Fredi Paia (Getxo, 1981) bertsolariak kontatu zuenez, «arantza bat» ateratzeko modua izan da «Hartu ez nuen deia». Iazko udan zendu zen bere aita, «bi egun lehenago deitu egin zidan eta ez nion telefonoa hartu», azaldu zuen. Handik gutxira lehiaketaren berri izan zuen, Bilbon aitarekin gelditzen zen tabernak antolatzen zuena, hain justu. «Ez dut kasualitateetan sinisten baina patuak nahi izan zuen nik arantza hori antzerki obra moduan ateratzea».

Idatzitako gidoi laburrean fikziora eraman du istorioa. «Erdi-monologo» batean, aitak semeari deitzen dio bi egun barru hil egingo dela esateko.

Pedro Zabalza (Iruñea, 1970) erizain eta antzerki kritikariak, berriz, zortzi mila metrotatik kontatzen du bere «Ochomil» obra, Himalaiatik zehazki. Erreskate baten inguruan kokatzen da istorioa, gizonezko bat aurretik berarekin erlazioa izan duen emakumezko bat erreskatatu beharrean aurkituko da. «Hori da kontestua baina azkenean aitzakia bat da pertsonen arteko sentimenduez hitz egiteko», esan zuen iruindarrak eta Jorge Nagorek idatzitako «Los catorce de Iñaki» liburutik zenbait ideia hartu zituela aitortu zuen.

Lehiaketaren antolaketan Tartean Teatrok eta Artez argitaletxeak lagundu dute eta irakurketa dramatizatuak egiteko asmoa dutela iragarri zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo