GARA > Idatzia > Kultura

«Faktore komunak» batu ditu Enkore taldeak bere lehen lan luzean

p050_f02_101x92.jpg

A. ARRUTI | BILBO

«Multiplo komun txikiena» izan zen Enkore taldearen lehenengo EPa; «Zatikatzaile komunetako handiena» bigarrena. Bi horien eboluzio eta emaitza da «Faktore komunak» (Baga-Biga), Bilboko Errekalde auzoan sortutako talde gaztearen lehenengo lan luzea. Bost kantu errekuperatu eta lau berri gaineratu dituzte, baina esfortzu berezia egin dute kantu guztiei soinu homogeneoago bat eman eta disko biribilagoa sortzeko: Kantu zaharrak berriro landu, moldaketak erantsi... betiko rock melodikoa albo batera utzi gabe.

Laukotea Xabi Hook (ahotsa eta gitarra), Urtzi Izak (gitarra), Eka Portillok (bateria) eta Aitor Gallasteguik (baxua eta ahotsa) osatzen dute. 2010ean Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuten, baina diskoa kaleratu aurretik, taldekideek denbora eskaini nahi izan diote gauzak ondo egiteari; «lehiaketa irabazteak ahalbidetu egiten zaitu bai ekonomikoki eta bai psikologikoki. Baina geure erara egin nahi izan dugu, geuk ekoiztuta, geure baliabideekin; aurre ekoizpenari garrantzi handia eman diogu», azaldu zuen Hoo abeslariak.

Bilboko Beardstudios-en grabatu, nahastu eta masterizatu dute Borja Murok eta Javi Peñak. Taula gainean lau agertu arren, Enkore crew deituriko lagun taldea hamar pertsonez osatuta dagoela nabarmendu zuten, eta horrez gain, kolaboratzaileak ere izan dituzte diskoan: Laiako Juanmi, Zea Maysko Aiora Renteria eta Aitor Uriarte (Latzen, Sen, Une).

Ostiral honetan hasiko dute aurkezpen kontzertuen txanda. Bilborocken izango dira 21.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo