Langileen aurkako inboluzio latzena onartuta
Gobernu espainolak Legebiltzarren baliozkotu du lan erreforma, bereak zituenak baino boz gehiago bilduz. Lehen tramite hori, beraz, ez zaio gaizki atera. Oso bestelakoa da, ordea, erreforma horrekin lana sortzea ondo aterako zaion. Kaleratzea merkatu, patronalari nahierara ibiltzeko erabateko ahala eman, eta oro har, langile klasearen eskubideen aurkako inboluzio historiko latzena denak nekez dinamizatu baitezake lan merkatua. Aitzitik, langabe gehiago sortu, pobrezia areagotu eta gutxi batzuen aberastasuna handiagotu besterik ez du egingo. Ongitxo dakite neurri hori eta etorriko diren gisa berekoak PPri inposatu diotenek. Alemaniak badaki horrela Estatu espainiarra ez dela erreskate ofizial batetik libratuko, finantza transnazionalak badaki zor espainiarrak ez duela hobera egingo, denek dakite ekonomia errealaren mesedetan ez dela neurri hori hartzen. Langileak are eta babesgabeago, are txiroago, eta mendeetan irabazi dituzten eskubide eta presio mekanismoak are indargabetuago... hori da PPk atzo onartutakoa. PSOE, UGT eta CCOO asaldatuta ageri ziren. Eskandalagarria deritzote. Beraiek gobernuan egon ala gobernua babestu zutenean zer egin zuten gogora dakieke. Orain aieneak eta negar malkoetarako ordua pasatu da.
Orain martxoak 29 da. Greba orokorraren erantzun indartsua prestatzeko ordua.