GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

DIA INTERNACIONAL DE LA MUJER

Eguneroko gertakari anitzen aurrean: elkartasun tartea

Emakumeak beren etorkizunaren jabe izan daitezen sustatuz, iritzi eta aholku trukerako esparru aparta eratu zen atzo Baionako elkarteen etxean. «Emakumeak, beren bizitzaren aktore Euskal Herrian» izena zeukan foroan, emakume baten bizi etapa ezberdinei buruzko informazioa jasotzeko eta eztabaidatzeko aukera izan zen. Elkartasuna izan zen hitz nagusia.

p009_f01.jpg

Ainize BUTRON

Martxoak 8ak itxura berezia hartu du aurten Baionan. Gaueko ohiko elkarretaratzeetatik at, emakumeei iritzi trukerako aukera berezia eman nahi izan zieten, egunerokotasunean dituzten kezkei buruzko eztabaidagune bat antolatuz. Ohiko gaiei buruzko informazio guneekin batera -kontrazepzioa, abortua, bortizkeriari aurre egiteko moduak-, bizitzaren beste hainbat alderdiz hitz egiteko eta sakonago aztertzeko esparru zabala izan zen.

Berrogeita hamar elkartek betetzen zituzten informazio mahaiak. Baina bertaratu zirenak bereziki erakarri zituen eztabaidarako paratutako guneak.

Gela erraldoiaren bazter batean kokaturik, biribilean, inongo taburik gabe hainbat gai izan zituzten hizpide, hala nola «eritasunaren ondorioz sortzen den ahulezia», «eder sentitzeko beharra edo apaindu nahia», «enpresaburu izateko aukera». Emozioak azaleratuz, tarteka irriak sortuz, elkartasuna izan zen agerian jarri zen sentimendu nagusia goizetik arratsera egin ziren eztabaida horietan.

Goizean «Bizia berriz eskuan hartu» izeneko tailerrak ireki zuen foroa. Eritasun luze, familia aldaketa edo dibortzio batek norberaren bizian sor ditzakeen sakoneko aldaketei buruz hitz egin zuten, eta horiek gainditzeko tresnei buruz.

2005ean, elbarritasunari eta berdintasunari buruzko legearen bidez, elkarri laguntzeko taldeak sortu ziren Estatu frantsesean. Cecile Parys talde horietariko batean animatzaile da, Hazparnen, eta bizitzan kolpe latz bat jasan ondoren, «berriz eraikitzea» premiazkoa dela nabarmendu zuen. «Gizarte normetan sartzen ez denak beldur ematen du», ohartarazi zuen, edota «gure gizarteak lana baloratzen du», eta horiek horrela, eritasun luze bat edo beste gertaera larriren baten ondotik norberak bere baitan ixteko joera duela. Egoera gainditzeko, ordea, besteekin hitz egitea ezinbestekotzat jo zuen, baina argi utzi zuen, betiere, epe luzeko prozesua dela.

«Norberak bere burua berriz maitatzen ikasi behar du eritasun luze baten ondotik. Gutxika, apaintzen hasten gara, janzten garelarik kasu ematen dugu, eta ateratzen gara», gaineratu zuen Sylviek, beste elkar laguntza talde bateko kideak.

Esperientziak trukatu

Elkartasun esperientziak azaltzen jarraitu zuten. Marie-Pierrek, aurrekoaren ildotik, «ile-apainketa sozialak» aipatu zituen. Langabezian, zahar- etxeetan edo erietxeetan dauden emakumeei zuzendua, ile-apainketa sozialaren helburua pertsonei laguntzea da, laguntza psikologikoa emanez. Bestalde, emazte enpresaburuen elkarteak Mouettes aterpetxearekin bultzatu duen elkarlanaren berri eman zuen, bortizkeria jasan duten emakumeei laguntzeko.

«Arazo handiko emazteak biltzen dira egitura horretan. Ez ditugu gauzak azkar egin nahi, baina gure heinean emazte horiek bizi duten larrialditik atera eta lan arloan bide berri bat hartzen lagundu nahi ditugu», azaldu zuen Nilda Foradok, elkarteko buruak.

Elkartasun adierazpen eta ekimenak anitzak izan ziren, beraz. Egun osoan emazte gazte zein helduak hurbildu ziren forora. Goizeko hamarretatik eguerdira arte, gehienbat lan arloko informazio eta aholku bila zetozen berrehun bat lagun ikusi ziren.

Anne Spinasse horietariko bat zen. «Ni lan bila nabil eta horregatik etorri naiz. Interesgarria iruditzen zait lanari eta beste gaiei buruz emazteekin hitz egitea». Beste gazte bat, Afrikara laguntza ematera joateko asmoz zebilena, asmo hori nola bideratu galdetzera bertaratua zen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo