Elkarbizitza eredu berri baten aldeko jardunaldiak antolatu ditu Ikastolen Elkarteak
Ikastolen Elkarteak datorren astean hasiko ditu elkarbizitza eredu berriak aztertzeko asmoz antolatutako XIX. Jardunaldi Pedagogikoak. Federico Mayor Zaragozak irekiko ditu hitzaldiak, asteartean, Donostian.
GARA | DONOSTIA
Datorren astean hasiko dira Ikastolen Elkarteak antolatutako XIX. Jardunaldi Pedagogikoak. Aurtengoan, Federico Mayor Zaragozak, Bake Kulturaren aldeko Fundazioko lehendakariak, Donostian emango duen hitzaldiarekin irekiko dira jardunaldiak, «Elkarbizitza eredu berri baterako pedagogia» goiburua izango du saioarekin.
Ekimen honen berri eman zuen atzo Ikastolen Elkarteak Donostiako Ikastolen Etxean egindako prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Belen Baztarrika, jardunaldien koordinatzailea; Imanol Igeregi, Ikastolen Elkarteko zuzendaria eta Koldo Tellitu, erakunde bereko lehendakaria. Jardunaldietan parte hartuko duten gehienak ikastoletako profesionalak izango dira, baina matrikulatzeko aukera zabalik dago hezkuntza komunitateko ororentzat.
Jardunaldien egitaraua Gasteizko Europa jauregian, datorren asteko 14an eta 15ean gauzatuko da, baina Mayor Zaragozaren hasierako hitzaldia Donostian izango da, asteartean, 18.30ean, Aieteko Bakearen Etxean, eta bertara gonbidatuta daude hezkuntza, kultura, gizarte, sindikatu eta politika alorreko ordezkariak, hala nola, Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politikoak.
Asteazkenean, hilaren 14an, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak jardunaldiei hasiera eman, eta Jon Mirena Landaren eta Jonan Fernandezen hitzaldiekin ekingo diote lan saioari. Landak «Giza Eskubideetarako Heziketa, nazioartetik Euskal Herrira» gaia jorratuko du, eta Fernandezek «Elkarbizitzaren lau puntu kardinalak» edukia aztertuko du.
Arratsalderako, mahai-ingurua antolatu dute, «Etorkizuneko elkarbizitza, ezaugarriak eta hauei buruzko gogoeta» izenburupean, eta mahaikideak Josu Ugarte, Paul Rios, Monica Vazquez, Maria Oianguren, Fabian Laespada eta Eguzki Urteaga izango dira.
Hurrengo eguneko lehen hitzaldia «Elkarbizitza ikastetxean, gatazken trataera» izango da, Juan Carlos Torregoren eskutik. Didaktikako irakaslea da Madrilen, Alcalako unibertsitatean. Horren ondotik tailerrak egingo dira, 14.00ak arte. Ordu horretan, jardunaldien ondorioak ezagutzera emanez amaituko dira aurtengo ekimenak.
Kontzeptu banaezinak
Imanol Igeregiren iritziz «jendarteko elkarbizitza eta hezkuntza banaezinezko kontzeptuak dira, eta esangura berezia hartzen dute euskal gizarteak bizi duen abagune historikoan». «Eskola zutabe nagusietakoa da, elkarbizitza eredu berri batera bideratutako hezkuntza bere gain eraikitzeko», erantsi zuen. Bere aburuz, «eredu horren oinarria giza eskubideak dira, izaera integralean hartuta».
Ikastolek denbora asko daramate eduki hori lantzen, «orain bide berean sakondu behar da etorkizunari begira, gure lan ereduak eta jarrerak eguneratuz. Testuinguru horretan kokatzen dira aurtengo Jardunaldi Pedagogikoak», esan zuen Ikastolen Elkarteko zuzendariak.
Koldo Tellituk azpimarratu zuenez, «ikastolen aldetik gai honi bere zailtasun guztiekin une honetan heltzeko arrazoia euskal gizartearekin daukagun konpromisoa izan da».
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk esan zuen urratsak egiteko prest daudela Euskal Herriak bizi duen garai berriak eskatzen duen konpromiso sakonaren ildotik.