GARA > Idatzia > Mundua

Kolonbiak ez du Kuba gonbidatuko Ameriketako Goi Bilerara

Kolonbiak azkenean ez du Kuba gonbidatuko Cartagena de Indias hirian egitekoa den Ameriketako Goi Bilerara. Ez duela adostasun nahikorik lortu argudiatu zuen Juan Manuel Santos kolonbiar presidenteak bere pareko Raul Castrorekin Habanan bildu ostean.

GARA | HABANA

Kubak ez du parte hartuko apirilaren 14an eta 15ean Cartagena de Indias hirian egingo den Ameriketako Goi Bileran. Kolonbiak, aurtengo antolatzaileak, ez du gonbidatuko. Hori jakinarazi zion asteazkenean Juan Manuel Santos presidente kolonbiarrak Raul Castrori. Bi agintariek lau orduko bilkura izan zuten Habanan, gailurraren gainean aritzeko.

«Tamalez, Kubak gailurrean esku hartzeko behar besteko adostasunik ez dut lortu. Egoera horretan, benetan zaila da Kuba gonbidatu ahal izatea», argudiatu zuen Santosek, Habanako Jose Marti aireportuan irakurritako adierazpenean.

«Castrok berak ulertu du hartu behar izan dugun erabakia, eta eskuzabaltasunez jokatu du», plazaratu zuen Santosek.

Nahiz eta gailurrean ez egon, bilkuretan Kubaren egoera aztertzearen alde egin zuen. «Irlaren bazterketa aspaldiko kontua da. Urteetan ez dugu gatazka konpontzea lortu. Bada garaia egiteko. Espero dut egoera deseroso hau ez errepikatzea Ameriketako Goi Bileraren hurrengo hitzorduan», gaineratu zuen.

ALBA osatzen duten herrialdeek Kubak horrelako gailurretan egon behar duela nabarmendu dute azken asteetan. Kuba gonbidatu ezean, gailurrera ez joateko proposatu zien Ekuadorreko presidente Rafael Correak ALBAko herrialdeei.

Kuba ez da sekula izan Ameriketako goi bileretan. Horietan Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) kide diren 34 herrialdeek parte hartzen dute, kontinenteko guztiak, Kuba salbu.

Gonbidapena jasoz gero, Cartagenan egongo zela adierazi zuen Castrok eztabaida piztu zenean. Hori bai, argi utzi zuen Kuba ez dela AEEra itzuliko. Bertatik kanporatu zuten Fidel Castrok iraultza irabazi zuenean. Ameriketako Estatu Batuek ez dute nahi Kuba AEEan edo Ameriketako Goi Bileran egotea.

Orain ikusteko dago zer egingo duten ALBAko herrialdeek. Momentuz, ez dirudi aho batez boikota egingo diotenik. Kuba egon ala ez, esku hartuko dutela iragarri dute dagoeneko herrialde batzuek.

Kolonbiako Atzerri ministroak, Maria Angela Holguinek, jakinarazi zuenez, Nikaraguak bertan egongo dela berretsi dio.

Venezuelako presidente Hugo Chavezek ere joateko asmoa iragarri du, betiere bere osasun egoerak eragozten ez badio.

Berarekin ere bildu zen asteazkenean Santos. «Azken egunetan bizi izan duena kontuan hartzen badugu, egoera onean ikusi dut», esan zuen.

Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko harremana aztertu ondoren, merkataritza-hitzarmen bat sinatu zuten.

«aeb-en errua da»

Ameriketako Goi Bileran ez parte hartzea Ameriketako Estatu Batuen «errua» dela adierazi zuen atzo Kubako Gobernuak. «Onartezina da bertan ez egotea», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo