Hazparneko Ezkia ikastolak 40 urteko ibilbide arrakastatsua ospatuko du
Ipar Euskal Herriko ikastola gehienak 1970. urteetan sortu ziren. Lehena, Arrangoitzen, 1969an, euskara desagertzear zela; ondoko urteetan beste herri askok segida hartu zuten. Aurten 40 urte bete dituzte Hazparne, Azkaine, Uztaritze eta beste hainbat lekutako ikastolek.
Idoia ERASO | BAIONA
Hazparneko Ezkia ikastolak 40 urte egiten ditu aurten. Elizak utzitako eraikin zahar batean hasi ziren sei ikasle 1972. urtean. Ondoren, ikasle kopuruaren handitzeari erantzuteko eraikin aurrefabrikatuetan egokitu ziren luzaz. Baina gaur egun egoera guztiz bestelakoa da, 150 ikasle hartzen dituen zentroak psikomotrizitate, ordenagailu eta lotarako gelak ere baditu, jangela, bi frontoi eta jostaleku handi batekin batera.
Hazparneko ikastolak 40 urte hauetan lortu duena eredugarria da beste hainbat zentroentzat. Izan ere, ikastolek sarritan izaten duten arazoa izaten da haurrei harrera egiteko eraikin egokiak lortzea. Horretarako finantziazioa atzematea izaten da eragozpen nagusia. Helburu horrekin, hain zuzen, sortu zen Herri Urrats 1984. urtean.
Egoera horretan aurkitzen da, esaterako, Azkaingo ikastola, bera ere aurten 40 urte bete dituen taldekoa. Larrun magaleko herriko ikasle euskaldunek ospakizunarekin batera aldarrikapena eginen dute, eraikin berri bat izateko.
Euskarazko hezkuntzak gora
Eraikin berri eta handiagoen premia toki askotan nabarmentzen ari da, ikastolak oro har hazkundean baitira Ipar Euskal Herrian. 150 ikasle ditu Hazparneko irakaskuntza zentroa eta ertain bezala sailkatzen du Maite Barbier zuzendariak. Hazparnek duela urte batzuk egun baino ikasle gehiago hartu zituen bere eraikinean, baina beste ikastola batzuen sorrerak eragin du ikasle galera hori.
Hazparnek inguruan dituen bi adarrekin 210 haur ditu ofizialki eskolatzen. Lehen Hazparnera hurbiltzen ziren eta orain bere ikastola propioa duten Arberoa eta Baigurako ikastolak Hazparnekoaren ordezkaritzak dira legez. Ikastolak azken urteotan Ipar Euskal Herri osoan izaten ari diren hazkundearen erakusle dira kopuruok.
Lau hamarkadotan egin den garapen ibilbidea ospatzeko ekimen ugari antolatu dituzte urte osoan zehar hazpandarrek, gaurtik hasita. Elgar zentroan, Guy Sonnoisen hitzaldia izanen da haurraren pentsamoldea hobeto ulertzeko bidea zabaltzeko, eta horrela ikasten laguntzeko.
Martxoaren 17an, sagarnotegi afaria eginen dute Kuxkuxtu txarangak alaiturik. Apirilaren 10ean, berriz, Asisko Urmenetak «Gartxot» bere azken filma aurkeztuko du, Haritz Barne zinegelan.
Ekainaren 16an, «Ezkiak 40 urte besta eguna» ospatuko da. Antzerki, kantu, bertso, haurrentzako jokoak eta herri bazkaria eginen dira. Hurrengo ikasturterako ere beste hainbat ekintza pentsatuak dira, hala nola kontzertuak, pilota partidak, hitzaldiak...
Ospakizunak beste herri batzuetara ere zabaltzen ari dira. Azkaineko ikastolak ere bere urteurrenerako hainbat ekimen antolatu ditu. Lehena heldu den martxoaren 18an izanen da, herriko elizan Mikel Markez kantariak eskainiko duen kontzertuarekin.
2012-2013 ikasturteko matrikulazioari begira, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko eraikin guztiek ateak zabalik izango dituzte larunbatean. Guraso berriei euskarazko hezkuntzaren abantailak aurkezteko, irakasle, guraso eta haurrak elkartuko dira giro lasaian. Orotara, Seaska Federazioak 29 ikastola, hiru kolegio eta lizeo bat biltzen ditu, eta hala, 3.000 ikasle eskolatzen ditu.
«Ikastolak beste zentroen aldean dituen berezitasunak erakutsiko dizkiegu ate irekien egunean», azaldu zuen Maider Duguine Hazparneko ikastolako zuzendariordeak. Seaskak betidanik aldarrikatu du ikasle elebidun osoak lortzeko era bakarra ikastolek erabiltzen duten murgiltze sistema dela, eta horren berri emanen die bertaratutako gurasoei.
Ez da hori ikastolak duen ezaugarri berezi bakarra. Ikastola elkarte eskola bat da eta zentro bakoitzaren kudeaketa bertan eskolatuak diren ikasleen gurasoen talde batek hartzen du bere gain. Seaskak elkarte horiek guztiak biltzen ditu.
Ikastolen pedagogia hurbiltasuna, ingurumenaren deskubritzea eta autonomiaren irakastean oinarritzen da. Ahalmen urriko haurren integrazioa ere garrantzi handiko gaia da. I.E.
Hazparneko ikastolak orotara 210 ikasle eskolatzen ditu. Herrian bertan dagoen Ezkiak hartzen dituen 150 haurrekin batera Arberoa eta Baigurako ikastolak sortu dira, bertako adar bezala.