GARA > Idatzia > Mundua

PP gehiengo osoa lortzeko zorian dago Andaluzian

Inkestek diotenez, martxoaren 25ean Andaluzian izango diren hauteskundeak PPk irabaziko ditu, eta gehiengo osoa lortzeko zorian dago, gainera. PSOEk 30 urteotan izan duen nagusitasuna amaituko da, 10-13 ordezkari galduko ditu-eta. PSOEk eta IUk elkarrekin gobernua osatzeko aukera ere ikusten du inkestak, betiere emaitza hobeak lortuz gero.

GARA | SEVILLA

Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) atzo argitaratutako bi inkesten arabera, Javier Arenas (PP) izango da Andaluziako Juntaren hurrengo presidentea, eta hauteskundeak irabaztea lortuko du, bosgarren ekinaldian.

Inkesta horien arabera, PPk 54-55 eserleku bitarte lortuko luke Andaluziako Legebiltzarrerako, gaur egun 47 dituela. Gehiengo osoa egiteko 55 eserleku behar dira. PSOEk, berriz, inoiz Andaluzian izan duen emaitzarik txarrena izango luke, eta horren ondorioz, Juntako lehendakaritza galduko luke aurrenekoz. PSOEk, orain arte beti irabazle izan bada ere, 10-13 eserleku gutxiago izango luke. Gaur egun 56 ditu, eta 44-46 bitartean geratuko litzateke, botoen %37,7 eskuratuz.

Horrenbestez, PPk lau puntuko aldea aterako lioke PSOEri, eta hala, alderdi horrek 30 urtez izan duen nagusigoa hor bukatuko litzateke. Jose Antonio Griñan, Juntako presidentea lehenengo aldiz izango da hautagai. PSOEren helburua PPren gehiengo oso hori galaraztea da eta horretarako hauteskunde orokorretan galdutako 700.000 botoetatik gutxienez 200.000 berreskuratu behar ditu.

PSOEren porrotarekin, Izquierda Unidak zerbait irabaziko luke. Inkesten arabera, botoen %9,8 lortuko ditu, eta modu honetan, gaur egun sei diputatu izatetik, bozen ondoren 9-10 lortuko ditu.

Otsailaren bigarren hamabostaldian egindako ikerketa horrek beste aukera bat ere gaineratzen du, PSOEren eta IUren arteko koalizio gobernu bat, alegia; baina horretarako ezinbestekoa da bi alderdiek hobetzea inkestek esleitu dieten emaitza, hurrenez hurren, 46 eta 10 eserleku lortuz.

Gainerako alderdiak parlamentutik kanpo geratuko dira. UPyD laugarren indarra izango litzateke, botoen %2,6 jasoz. Alderdi Andaluzista, beste horrenbesteko emaitzarekin, bosgarren geratuko litzateke.

Zitalagoa

Jose Antonio Griñan Juntako presidente eta PSOEren hautagaiak atzo esan zuenez, datu horiek erakusten dute PSOE ari dela PPren aldea murrizten. Bere ustez, zenbat eta alde txikiagoa izan, orduan eta zitalago jotzen du PPk kanpainan. PSOE murrizketa sozialen mehatxua erabiltzen ari da kanpainan. Bestalde, PPren eta Javier Arenas hautagaiaren mezuetan nagusi dira langabezia, defizit publikoa eta lan espedienteen iruzurra.

ASTURIAS

CISen inkestak dioenez, PSOEk Asturiasen irabaziko du nahiz eta ordezkariak galdu, eta gaur egun gobernuan dagoen Foro Asturias alderdiak 5-6 eserleku galduko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo