GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako Txapelketa

«Dena saiatu, eta ezer irten ez»

Martinez de Irujok eta Barriolak ez dute beren bolada txarraren arrazoirik topatu, eta ez dute bilatzen denbora gehiegi galdu nahi.

p050_f01_677x768.jpg

Jon ORMAZABAL

«Zer gertatzen zaie Irujo eta Barriolari?». Horixe da pilotazale gehienek oraintxe ahoan darabilten galdera. Oso denbora gutxian, txapelketarako faborito nagusiak izatetik, finalerdietan sartzeko lanak izatera pasatu dira Aspeko bi nafarrak, aurrelariak pasatako hazizurrietatik harago, bestelako bistako arazorik pairatu gabe.

Bi protagonistek ere hamaika aldiz galdetuko zioten euren buruari ea non dagoen arazoaren sustraia, baina badirudi, momentuz behintzat, ez dutela iturburua topatu edo gutxienez ez dute publiko egin nahi izan.

«Gertatzen diren gauzak dira, ez dago buelta gehiegirik eman beharrik. Dakidan bakarra da ahal dugun guztia egiten ari garela. Badaude uneak, gehiegi egin gabe oso ondo zaudena; eta beste batzuetan, dena eginda, ondo egon ezin. Hori da dagoena eta ez gara horretara edo kanpora begira egon behar. Ez dago inolako lesiorik, ez arazo muskularrik ez ezer. Ez zaizkigu gauzak irteten eta kitto», azaldu zuen Abel Barriolak.

Martinez de Irujoren diagnostikoa ere bide beretik joan zen. «Ez gaude %100ean eta ez zaio buelta gehiagorik eman behar. Gero gainera, aurkariek gure kontra ez dute egun txarrik izan inoiz, lepoan hozka egitera irten dira, gu baino hobeak izan dira eta ez da beste bueltarik eman behar. Batek duena ematen ez duenean, aurkaria zoriondu beharra dago», azaldu zuen.

Arretxe-Begino bikoaren aurka galdu ostean, Barriolak esan zuen Irujo eta bera ez zirela bikotea osatzen ari, eta horren inguruan galdetuta, Leitzakoak zerbait argitu nahi izan zuen: «Askotan bakoitzaren errendimendua izaten da. Bata konfiantzarekin dagoenean, gauzak kutsatu egiten dira; eta bat ongi dagoenean, aurrelariari kutsatu egiten dio eta alderantziz. Zoritxarrez, ez gara punturik onenean iritsi, eta horrexegatik bikote bezala kosta egiten zaigu. Baina arantza hauek kentzeko modurik onena kantxan da, pilotan jokatzen, eta lehen aukera, eta bakarra, igandean daukagu».

Esan daiteke, aurreko ostiralean jo zutela hondoa, Mutiloabeitin jasotako porrota oso mingarria izan zelako, eta «hobetu beharko dugu irabazi nahi badugu. Ni ez nengoen %100ean -hazizurriak pasa berritan zegoen- baina aste batetik bestera dena aldatzen da. Ea Eibarren gure onena ematen dugun. Orain hobeto nago, normaltasunez entrenatzen ari naiz, gutxiago nekatzen naiz... Oraindik zerbait badaukat, baina jokatzera irteten banaiz ondorio guztiekin da eta ez dut aitzakiarik nahi», azaldu zuen Irujok.

Hori bai, lehiaketa sistema honek akatsak egiteko aukera ugari eskaintzen ditu eta «oraindik gure eskuetan dago dena, eta igandean irabazita, are gehiago», azaldu zuten biek.

Galarreta-Hernani

Etxabe II-Zubiri

El Hogar-Angelu (20.00)

Promozio txapelketa: Lemuno-Aretxabaleta / Jaunarena-Cecilio; Binakako txapelketa: Xala-Laskurain / Titín III-Merino II.

Bizkaia-Bilbo (19.30)

Munduko txapelketa: Galan / Fusto; Lujan / Imanol; Garcia-Lejarzegi / Vega-Garma.

Elgeta (21.00)

Lau eta erdiko ETB Kantxa txapelketa; Sub-23: Azpitarte / Arrieta; Unamunzaga / Jaunarena; Maiza II / Agirrezabal.

Labrit-Iruñea (17.00)

Promozio txapelketa: Gorka-Arruti / Tainta-Ibai Zabala; Binakako txapelketa: Olaizola II-Beroiz / Bengoetxea VI-Apraiz.

Baztan-Elizondo (17.00)

Altadill-Oiarzabal / Altuna-Aierbe; Munduko buruz buruko txapelketa: Gaubeka / Ibargarai

Elgeta (16.30)

Lau eta erdiko ETB Kantxa txapelketa; Kadeteak: Santamaria / Sevilla; Agirregabiria / Diaz de Heredia; Almortza / Medina; Olarra / Kalleja.

irujok babesa

Kazetarien galderei erantzun ostean, Iberokoak bere kabuz gaineratu zuenez, Promozio txapelketan atzeratutako partida dela-eta, «aste honetan entzun direnen ostean, Aspek eta Fernando Vidartek beti defendatu izan naute».

Aritz Lasa berriz ere bakarrik aritu zen material aukeraketan

Aritz Lasa ez da batere zorterik izaten ari bere atzelariekin, eta txapelketa honetan bigarren aldiz, bakarrik egin behar izan zuen igandeko partidarako aukeraketa -Miguel aita alboan izan zuen-. Gauza da, aurkakoa uste arren, Aitor Zubieta ez dela igandean jokatzeko moduan izango.

Beste behin, bere lekua Iñigo Pascualek hartuko du, baina Abartzuzakoa ez zen atzo Eibarren izan. «Ea aurten gertatu zaizkidan gertatu beharreko guztiak, eta beste urteetarako ez dagoen ezer. Horrela tokatu da, hiru atzelarirekin jokatu dut, partida batean ordezkoa etorri zen eta ezin izan genuen bukatu... denetik gertatu da, nik ere izan ditut nire momentu txarrak, baina orain ondo nago eta etortzen dena etortzen dela, partida irabaztera irtengo gara, geuri ere inork ez digulako ezer oparitu orain arte».

J.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo